"Kultura eta bizikidetza indartzeko" lantaldea osatu du Zestoako EAJk

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 9a

Zestoako EAJren hautagai zerrendako kideen aurkezpeneko irudia. (Ihintza Elustondo)

Zestoako EAJk datozen udal hauteskundeetarako osatu duen hautagai zerrenda aurkeztu zuen atzo, asteazkena, Laranjadi plazan. Garikoitz Mendizabal alkategaiak, Imanol Esnal Zestoako EAJren presidenteak, Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak eta alderdiko hainbat kidek parte hartu zuten ekitaldian. Mendizabalek azaldu zuen "lantalde polita" osatu dutela. "Herri bat gidatzeko, gure ustez, ezinbestekoa da herria ezagutzea, maitatzea eta errespetatzea. Zertarako? Herriari entzuteko eta dituen beharrei ahalik eta ondoen heltzeko. Eta horixe da guk, EAJk, Zestoan eskaintzen duguna". Haren arabera, herri "argia, irekia, jasangarria, alaia, garbia, humanoa eta balioetan aberatsa" eraiki nahi du alderdi jeltzaleak, eta helburu horiei begira eraiki du EAJk hautes-zerrenda.

Honako kide hauek dira Zestoako zerrenda osatzen dutenak: Garikoitz Mendizabal alkategaia, Eva Mangas, Karmel Bedita, Katixa Monreal, Javier Manteca, Jose Francisco Aranberri, Miren Aristi, Tomas Odriozola, Jesus Elosua, Jacqueline Zunzundegi eta Itziar Ezenarro.

Mendizabalek gogorarazi zuenez, bi alderdi bozkatzeko aukera dago Zestoan: EH Bildu eta EAJ. Alkategaiak adierazi zuenez, kanpaina "erasokorra" egiten ari da EH Bildu, "pertsonei kalte egiterainoko marra gorriak zeharkatuz", baina esan zuen hori ez dela EAJren estiloa. "Bronka horretan ez gaituzte aurkituko, estilo eta jarrera ezberdinak darabilzkigu guk. Izan ere, oso bestelakoa da gure estiloa: errespetua, entzute aktiboa eta lankidetza dira gure kudeatzeko moduaren ezaugarriak", azaldu zuen. Hala, koalizioarekin "elkar ulertzera iristeko" ahalegina egingo dutela nabarmendu zuen. Era berean, maiatzaren 26ko hauteskundeetan parte hartzeko deia egin zien zestoarrei.

Lau ardatz

EAJren programaren zutabe nagusiak zein izango diren ere zehaztu zuen Mendizabalek. Haren arabera, lau ardatz izango ditu herri programak: pertsonak; kultura; auzoak eta baserriak; eta azpiegiturak. "Kultura eta bizikidetza" izango dira motorrak, erantsi zuen.

"Ongizatea eta kalitatezko enplegu gehiago sortzea" lehentasuna da Mendizabalentzat. Gainera, kultura eta bizikidetzan ere jarri zuen arreta alkategaiak. Hark adierazi zuen apustu berezia egingo duela kulturaren alde alkate bada, eta Kultur Etxe berria martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen. Bizikidetzari dagokionez, memoria historikoaren arloan, ikerketak abian jarriko dituela esan zuen, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean sakontzeko plan bat ere martxan jarriko duela.

Bestalde, lehen sektoreari ere erreparatu zion hautagai jeltzaleak, "zerbitzuetan eta azpiegituretan auzoen arteko orekaren" alde lan egiteko konpromisoa hartuz. Beste hainbat ekintza adierazgarri ere aipatu zituen: esaterako, herriko irisgarritasun eta mugikortasun oztopoak zuzentzen jarraituko duela nabarmendu zuen, herriko sarrera-irteerak hobetuko dituela, Euskal Herria plaza umeentzako jolasleku lasaia bihurtuko duela, Zubiaurre futbol zelai zaharraren inguruak aisialdi eta kirolgune bihurtzeko asmoa duela, Zestoa eta Zumaia arteko bidegorria amaitzeko lan egingo duela, eta jasangarritasunaren alde egiten jarraituko duela. Gainera, argiteria pribatizatzeko bere garaian hartutako erabakia babestu zuen.

Arrizabalagak, bere aldetik, Zestoako hautagaitzak duen indarrari eman zion balioa. "Garikoitzek duen onena emanez, ez daukat zalantzarik Zestoari onena aterako diola", esan zuen. Apirilaren 28ko hauteskundeei begira, adierazi zuen "oso emaitza onak" lortu zituela EAJk. "Partaidetza asko igo zen, jendeak zerbait arriskuan ikusi zuelako, eta geurea dena defendatzera atera ziren. Hau da, esan zuten Madrilen geurea defendatzeko aukerarik onena EAJ dela; beraz, logikak agintzen du hemen ere geurea defendatzeko aukerarik onena gure alderdia dela".

Era berean, EH Bilduri kritika egiteko baliatu zuen Arrizabalagak bere hitzartzea. "Orain bide demokratikoak darabiltzate, baina orain arte zertan ibili dira? Zer sinesgarritasun dute?". Era berean, nabarmendu zuen EAJ izan dela "Gipuzkoa Suediaren edo Norvegiaren parera" iristeko lan egin duena. Alderdi jeltzalea "herriaren babes sozialeko sistema, garapen ekonomikoa edota hezkuntza sistema inklusiboa eraikitzen asmatu duen" eragilea dela esan zuen.

Hona hemen atzoko ekitaldiko irudiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide