Zestoako Bargaztak talde feministak hainbat ekintza antolatu du Malen Etxeari laguntzeko. Haien artean, lasterketa solidarioa egitekoak ziren maiatzaren 19an, baina ekitaldiari data aldatu diote: hain zuzen ere, maiatzaren 12an, igandez, egingo dute. 3.000 baietz! lelopean egingo dute lasterketa, 12:00etan hasita. Zestoan hasi eta Sastarrainen amaituko da ibilbidea, eta joan-etorria lasterka zein oinez egin ahal izango da. Gainera, adin guztietako jendeak parte hartu ahal izango du lasterketan.
Santa Kutz jaien barruan, maiatzaren 2an, 3an eta 4an, eguerdian nahiz gauean, bost euroko bonoak salduko dituzte Zestoako plazan, eta bildutako dirua Malen Etxeari emango diote. Era berean, gune horretan lasterketarako izena emateko aukera izango da. Bost euro ordaindu beharko da lasterketan parte hartzeko; 0-12 urte bitartekoek, berriz, borondatea emanda nahikoa izango dute. Dortsala Portale eta Mollergi tabernetan ere erosi ahal izango da, baita egunean bertan ere. Gainera, herriko taldeek asteburuetan saldu ohi dituzten errifak Malen Etxearen proiektura bideratuko ditu Zestoako talde feministak. Datorren asteburuan –maiatzak 11-12– salduko dituzte errifak, plazan.