Etxekoari maitasuna

Gipuzkoako Hitza 2019ko api. 23a, 11:48

Zarautz Parrillan-en erreboilo txapelketa irabazi du Zestoako Araneta erretegiko Joseba Odriozolak. Lehengairik onena, etxeko txondorretik ateratako ikatza eta berezko trebetasuna uztartuta lortu du garaipena. Gipuzkoako Hitza astekariak Odriozolarekin hitz egin du.

Adinez gaztea izanagatik, molde zaharreko sukaldaria da Joseba Odriozola (Zestoa, 1985). Edo, ziurrenik, egokiagoa da parrilaria dela esatea, sukaldean ere jarduten duen arren. Berria da ostalaritzan, hiru urte baitira Zestoan Araneta erretegia zabaldu zuela. Sukaldaritza eskolarik inoiz zapaldu gabea da, hitzaldiren bat emateko ez bada. Baina gutxik dute harena bezalako eskua parrila bat parean duenean. Zarautz Parrilan-ek antolatutako erreboilo txapelketa irabazi berri du Odriozolak. Euskal Herriko beste bederatzi parrilarirekin aritu zen lehian, eta erreboilorik onena zestoarrarena zela ebatzi zuen epaimahaiak.

"Niretzat sari bat da horrelako lehiaketa batean parte hartzeko gonbidapena jasotze hutsa, eta irabaztea, ikaragarria". Momentua gogora ekartzean, hunkitu egiten da oraindik ere. "Sukaldaritzan izena duen jendea zegoen han, eta nire etxetik joandako tipo bat nintzen ni". Odriozola ez da lehiaketetara joan zalea, giro horretan "arraro" sentitzen delako. "Gainera, ez zait gustatzen etxea hankaz gora uztea, han nagoenean erretegian falta izaten naizelako". Hainbat lekutatik deitu izan diote, baina ezezkoa eman izan du, bitan izan ezik: Zarautz Parrilan-en eta 2017an Donostia Gastronomika kongresuaren barruan egin zuten parrilari txapelketan. "Bi horietan animatu egin nintzen, gertu zirelako eta lantaldearen babesa nuelako". Bietan irabazlearen sariarekin itzuli da etxera: Zarautzen, erreboiloa erreta, eta Donostian, txuleta.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide