Zestoako Bargaztak talde feministak hainbat ekintza antolatu du, Malen Etxearentzat dirua biltzeko

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 16a

Malen Etxearen Zestoako aterpea arriskuan dago: 3.000 euro behar dituzte etxaurrea konpontzeko, eta elkarteak ez du gastu horiei aurre egiteko dirurik. Horren aurrean, '3.000 baietz!' egitasmoa sortu du Bargaztak talde feministak: errifan jasotako dirua Malen Etxeara bideratuko dute, bost euroko bonoak jarriko dituzte salgai, eta lasterketa solidarioa egingo dute.

Malen Etxearen Zestoako aterpea dagoen eraikina. (Ihintza Elustondo)
 
UROLA KOSTAKO HITZAk joan den astean jakinarazi zuen Malen Etxearen Zestoako aterpea arriskuan zegoela. Malen Etxea elkarteak emakume etorkinei bizilekua eskaintzen die Zestoako etxebizitzan, baina proiektuaren etorkizuna kolokan dago; izan ere, etxepeko fatxada konpontzeko, 3.000 euro ordaindu behar dituzte elkarteko kideek, eta ez dute gastu horiei aurre egiteko dirurik. Egoera horren aurrean, Zestoako Bargaztak talde feministak hainbat ekintza antolatu du, Malen Etxeako kideei laguntza ekonomikoa eman nahian.
 
Bargaztak taldeak Malen Etxeako langile batekin hitz eginda jakin ahal izan du 3.000 euroko gastuari aurre egiteko bi ordainketa egin behar dituztela. Lehena jadanik eginda dago; horretarako, Zumaian duten lokalaren alokairua ordaintzeko dirua baliatu dute. Orain, ordea, ez daukate alokairua ordaintzeko adina diru. Horregatik, Malen Etxearen "muturreko egoera" ezagutu ostean, 3.000 baietz! egitasmoa sortu du Bargaztak taldeak.
 
Talde feministaren helburua da ahalik eta diru gehien biltzea, Malen Etxearen aterpeak bizirik iraun dezan. Horretarako, lasterketa solidarioa antolatu dute, maiatzaren 12rako. 3.000 baietz! lelopean egingo dute ekitaldia, 12:00etan hasita. Zestoan hasi eta Sastarrainen amaituko da ibilbidea, eta joan-etorria lasterka zein oinez egin ahal izango da. Gainera, adin guztietako jendeak parte hartu ahal izango du lasterketan.
 
Horrez gain, Santa Kutz jaien barruan, maiatzaren 2a, 3an eta 4an, eguerdian nahiz gauean, bost euroko bonoak salduko dituzte Zestoako plazan, eta bildutako dirua Malen Etxeari emango diote. Era berean, gune horretan lasterketarako izena emateko aukera izango da. Bost euro ordaindu beharko da lasterketan parte hartzeko; 0-12 urte bitartekoek, berriz, borondatea emanda nahikoa izango dute. Dortsala Portale eta Mollergi tabernetan ere erosi ahal izango da, baita egunean bertan ere.
 
Gainera, herriko taldeek asteburuetan saldu ohi dituzten errifak Malen Etxearen proiektura bideratuko ditu Zestoako talde feministak. Datorren asteburuan salduko dituzte errifak, plazan.
 
Bargaztak taldeaz gain, bada ekarpena egin duen beste eskualdeko talde bat: Elkar-ekinek atzo jakinarazi zuen Malen Etxeari 300 euroko dirulaguntza eman diola. "Sektore zapalduenek beti izango gaituzte ondoan", azaldu du taldeak.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide