30 urte bete ditu aurten Zestoako Gaztetxeak, eta asteburu honetarako eta maiatzerako urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dute herriko gazte asanbladako kideek. Atzo, ostirala, Zestoako AEKrekin batera antolatuta bertso afaria egin zuten Gaztetxean bertan, Jon Gurrutxaga, Aitor Salegi eta Danel Olano bertsolariek kantatu zuten.
Gaur, larunbata, berriz, Zestoako Gaztetxearen 30. urteurreuneko ospakizunetako egun nagusia ospatzen ari dira. 13:00etan, gazteek argazkia atera dute Laranjadi plazan, eta ondoren, bazkaria egin dute. Ospakizunekin arratsaldean jarraituko dute mural pintaketa egingo dute Gaztetxearen atarian. 22:30ean hasiko da Bertsio Gaua, eta ondoren DJ HGS ariko da jaia girotzen.
Hona hemen Zestoako Gaztetxearen 30. urtemugako egitaraua:
- Gaur, apirilaren 13a, larunbata:
- Bazkaria, eta ondoren mural pintaketa.
- Bertsio gaua eta ondoren DJ HGS, 22:30ean.
- Apirilaren 26a, ostirala:
- Bideoa eta mahai ingurua, 18:00etan.
- Ondoren, luntxa eta The Oiers taldearen kontzertua.
- Maiatzaren 2a, osteguna (santakutzak):
- Entsegua eta afaria, 20:30ean.
- Danborrada, 22:30ean.
- Maiatzaren 4a:
- Kontzertuak: Ezpalak, Polybius eta Rodeo.
30. urtemuga indarrez beteta
Aurten 30 urte beteko dira parrokia atzeko baserri batean Zestoako Gaztetxea sortu zutenetik. Handik egungo lekura lekualdatu ziren hainbat urtera, baina orduko eta egungo gazteen aldarriak bera izaten jarraitzen du: ekitaldiak autogestioz aurrera eramateko gunea edukitzea.
Euri asko egin du Gaztetxeak ateak ireki zituenetik, eta ordutik hango funtzionamenduak hainbat gorabehera izan badu ere, azken urteetako egoerari buelta eman eta "indartsu" daudela diote Gaztetxeko kideek: "Duela bi urte inguru Gaztetxeak beherakada izan zuen, eta lokal baten erabilera hartu zuen. Ordutik, barne hausnarketak egin ditugu, eta egunero lanean jardunda eta bilera ugari eginda, ikusi dugu gazteak mugitu egin direla eta lanerako gogoz zegoen jendea Gaztetxera hurbildu dela", esan du Aitor Arsuaga Gaztetxeko kideetako batek.
Gaur egun, hamahiru lagun inguru elkartzen dira astero Gaztetxean hango jarduna aurrera eramateko, eta zerbait berezia prestatu nahi badute, "asanblada zabala" deitzen dute. Hitzaldiak, kontzertuak, jardunaldiak edota festetako ekitaldiak antolatzen ditu Gaztetxeak, eta hango kideek azaldu dutenez, orain arteko martxa jarraitzeaz gain, indartu egin dute antolakuntza; egitarau zabalagoak prestatu ohi dituzte. Hori hala, "gustura" dira hartu duten bidearekin, eta autogestioaren lanketarekin jarraitzeko eta beste gaztetxeekin elkarlanean aritzeko erronkak dituzte etorkizunera begira.
Aurrera begira dira Gaztetxeko kideak, baina ez dira ahaztu handik igaro direnekin, eta horren adibide da urteurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua; izan ere, ohikoa den moduan, musikak hartuko du tarterik handiena, baina izango da bestelako ekitaldirik ere. Gaur, esaterako, Gaztetxeak 30 urte argazkia atera dute plazan, eta belaunaldi desberdinetako kideei elkarrizketak eginda sortu duten bideoa aurkeztuko dute apirilaren 26an. Gero, Gaztetxeak izan duen bilakaeraz mahai ingurua egingo dute.