Santa Engraziako egunean, irteerak prestatu dituzte Lagun Onakek eta Agirok

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 10a

Igandean ospatuko dute Santa Engraziako eguna, eta meza, umeentzat jolasak eta trikitilariak izango dira egunean zehar.

Datorren igandean, apirilak 14, Santa Engraziako eguna izango da, eta egun osorako egitaraua prestatu dute bertan urtero legez. Goizean zehar, salda banatuko dute herritarrak Santa Engraziara iristean, eta 12:00etan, meza egingo dute hango baselizan. Ondoren, gaztetxoentzat jolasak izango dira, hala nola itxulapiko apurketa. 14:00etan, berriz, paella bazkaltzeko aukera izango da. Eguraldi ona egiten badu, Santa Engraziako bentan egingo dute otordua, eta txarra egiten badu, berriz, Aizarnan. Arratsaldea ere haurrentzako hainbat jolas antolatuko dute. Gainera, trikitilariak ariko dira giroa alaitzen egun osoan.

Hara joateko irteerak antolatu ditu Zestoako Agiro eta Azpeitiko Lagun Ona mendi elkarteek. Agiroren eskutik, igandean 09:30ean abiatuko dira mendizaleak Gurutzetik, eta handik oinez igoko dira Santa Engraziara. Han, norberak etxetik eramandako bazkaria jango dute.

Lagun Onak mendi bazkunak, bere aldetik, 09:00etan jarri du iganderako hitzordua, anbulatorio aurrean. Txangora parte hartzen dutenek bi aukera izango dituzte txangora joateko: Azpeititik hara oinez joatea; edo Zestoara autobusez joan, eta Akoa auzotik igo Santa Engraziara.

Eguna pasatuta, 16:00etan Aizarnara abiatuko dira txangoan parte hartzen duten lagunak, eta 18:00etan izango dute Azpeitira itzultzeko autobusa. Dagoeneko eman daiteke irteerarako izena www.lagunonakmb.org webgunean edo mendizaleen tabernan. Bazkideek lau euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta gainerakoek, sei euro. Bihar, osteguna, izango da inskribatzeko azken eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide