https://www.youtube.com/watch?v=KmYMVoYCIWo
Zestoako Grises musika taldeak 2019. urtean atseden hartuko duela iragarri du gaur, asteazkena, Gato por liebre abestiaren bideoklipa kaleratzearekin batera. "Hamar urteko ibilbidea egin eta estudioko bost disko kaleratu ostean, geldialdi txiki bat egitea erabaki dugu, indarberritzeko, abesti berriak sortzeko eta gure etorkizunaz pentsatzeko".
Bestalde, Raul Olaizola baxu-jotzaileak taldea uztea erabaki duela ere jakinarazi du Grisesek: "Urte ugaritan bidaia lagun banaezinak izan gara, poztasun handiko une magiko ugari bizi izan ditugu, eta bere erabakia penaz hartu badugu ere, errespetatzen dugu eta etorkizunean onena opa diogu". Horri lotuta, Olaizola omentzeko agurreko hiru kontzertu eskainiko ditu Grisesek. "Lehena Sonoraman izango da, udan; bigarrena aurrerago jakinaraziko dugu; eta hirugarrena, Donostiako Dabadaban eskainiko dugu uztailaren 5ean".
Taldekideek atsedena behar dutela batetik, eta Olaizolak taldea utziko duela, bestetik. Horiek dira Grisesek etenaldia egiteko bi arrazoiak. Dena den, taldeak argi du geldialdia ez dela betirako izango. "Momentuz, 2019an hartuko dugu atseden, eta gero gerokoak. Baina ez da betirako etenaldia izango inondik inora ere, atseden hartzeko etena baino ez da. Guretzat gogorra da Raul bezalako anaia bat galtzea, berarekin momentu pila bat pasatu ditugulako, eta behar dugu denbora bat luto txiki hori pasatzeko", azaldu du Amancay GaztaƱaga taldeko abeslariak.
Etorkizunak zer ekarriko duen ez dute argi une honetan. "Oraintxe bertan dakigun gauza bakarra da Raul omentzeko hiru kontzertu egingo ditugula. Hiru kontzertu horiek maitasun handiz prestatu nahi ditugu, Rauli merezi duen agurra egiteko", esan du GaztaƱagak. Hain zuzen ere, espero dute denbora tarte honetan erabakiko dutela zein izango den taldeak hartuko duen norabidea. Hori bai, argi dute taldekide berri bat bilatu beharko dutela Grisesi jarraipena emateko.