Emakume etorkinen babeslekua, kolokan

Ihintza Elustondo 2019ko apirilaren 10a

Malen Etxea elkarteak emakume etorkinei bizilekua eskaintzen die Zestoan duen aterpean. Etxepeko obrak tarteko, elkarteak 3.000 euro ordaindu behar ditu. Dirua falta dute, eta kinka larrian dago proiektua.

Malen Etxearen Zestoako aterpea dagoen eraikina. (Ihintza Elustondo)

Jende ugari etorri ohi da atzerritik Euskal Herrira bizimodu hobe baten bila, eta haietako asko, zaintza lanetan aritzeko asmoz iritsi ohi diren emakumeak izaten dira. Dena den, askotan ez zaie espero bezain erraza egiten emakume horiei egunerokoa: lana bilatzeko arazoak izaten dituzte sarri, baita etxebizitza bat ordaintzeko arazoak ere. Egoera horretaz jabetuta, Malen Etxea elkartea sortu zen duela hamabost urte, emakume etorkinei laguntzeko helburuarekin. Ordutik, hainbat egitasmo abiarazi dute: besteak beste, Zumaian lokala zabaldu zuten iaz, eta aterpe bat martxan jarri zuten Zestoan, duela zazpi urte. Proiektuaren atzean helburu sendoa eta gogoz beteriko jendea dagoen arren, "kinka larrian" dago haren etorkizuna. Jessica Guzman (Santiago, Txile, 1962) Malen Etxeako lehendakariak eta Zestoako aterpeko arduradunak arazoa zertan datzan azaldu du.

Zestoako hilerriaren ondoko auzoan dago kokatuta Malen Etxearen aterpea. Izatez, Zestoako Parrokiarena da etxebizitza, baina hutsik zegoenez, Malen Etxeari utzi zion gunea, aterpea han jar zezan. Eraikin guztian sei etxebizitza daude, eta horietako bat da Malen Etxeak erabiltzen duena. Hiru logela ditu pisuak, eta haietako bakoitzean bi pertsona sartzea dago aurreikusita. Gaur-gaurkoz, ordea, zortzi lagun bizi dira bertan, "muturreko" egoeretan zeudenez, sarrera baimendu zietelako. Zer ezaugarri ditu, baina, han bizi den jendeak? "Lanpostu bat eskuratu eta etxebizitza bat ordaintzeko dirua izan arte, aterpe bat ematen diegun emakume etorkinak dira", zehaztu du Guzmanek.

Azken urteotan emakume ugari pasatu dira Zestoako aterpetik; guztira, 200 lagunetik gora. Horregatik, Malen Etxearen Zestoako etxebizitzak "behar handi" bati erantzuten diola uste du Guzmanek. "Zaintza lanetan aritzen diren emakume etorkinek ez dute laguntza sozialak eskatzeko baldintzarik betetzen, eta lanpostu prekarioak izaten dituztenez, ezin izaten dute etxerik alokatu. Gure elkarteak egoera zaurgarri horretan dauden emakumeei estalpe bat eskaintzen die: dutxa bat, jateko leku bat, ohe bat...". Finean, emakume etorkinak kale gorrian egon daitezen saihestea da helburua.

Erabiltzaile gehienak bakarrik dauden emakumeak izan ohi direla azaldu du Guzmanek, nahiz eta beraien herrialdeetan familia eta seme-alabak izaten dituzten askok. Haren arabera, emakume immigranteen kopururik handiena Nikaraguatik iritsi ohi da, "alde handiarekin".

3.000 euro behar
Emakume etorkinei babesa ematen dien inguruotako aterpe bakarra da Zestoakoa, eta Guzman "oso harro" dago lortutakoarekin. Duela gutxi, ordea, berri txar bat jaso zuten Malen Etxeako ordezkariek. Zestoako aterpea kokatzen den eraikina zaharra da, eta inguruko eraikin askotan bezala, etxepe guztiko fatxada zaharberritu behar dute, "hezetasun handia" sartzen delako barrura. Obra horiek gauzatu daitezen, etxebizitza bakoitzaren jabeak 3.000 euro ordaindu behar ditu, eta Malen Etxeak ez du gastu horri aurre egiteko dirurik. Horretan datza haien arazoa.

Guzmanen arabera, eraikina zaharra da, eta hainbat egokitzapen egitea beharrezkoa da. Baina beraiek ez dute baliabiderik kopuru horri aurre egiteko: "Guk egunean eguneko bizimoduari egiten diogu aurre; egun bakoitzean behar dugun janaria erosten dugu...". Egoera horren aurrean, Zestoako Parrokiarekin jarri dira harremanetan. "Baina Elizak ez du bere gain hartuko gastu hori, gurea delako orain etxearen ardura. Eta, gainera, kanpandorrea hautsi zenez, nahikoa gastu badu orain Parrokiak".

Beraz, 3.000 euro ordaintzeko beste moduren bat bilatu beharko dute, Guzmanentzat ez ordaintzea ez baita aukera bat. "Ordaindu egin behar da, ez dago beste aukerarik". Jendeak zer gertatzen den jakitea nahi du Malen Etxeako lehendakariak, eta 3.000 euro horiek lortzea da haren helburua. "Jendea kontzientziatzea nahi dugu, eta ea nola lortzen dugun behar dugun dirua".

Haren arabera, "arazo larria" da parez pare dutena. "Izan ere, beste inork ez du egiten guk egiten dugun lana emakume etorkinekin, uneotan. Atzerritik lan bila etortzen diren emakumeak dira, eta laguntza behar dute, ez dira laguntzetatik bizitzeko asmoz iritsi. Behar duten bakarra da lana bilatu artean aterpe bat izatea eta lasai egotea".

Errealitatearen aurrean, "oso frustratuta" dago Guzman, eta irtenbide bakarra ikusten du: "Baliabideetan bakarrik sinesten dut. Indar eta borondate handia izan dezakegu guk, baina kasu honetan, dirua da behar dugun bakarra". Guzmanek argi du zein den arazoaren neurria: "Zestoako aterpea ixten bada, emakume asko salbatzen dituen proiektua bertan behera geldituko da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide