Zestoako EH Bilduk arlokako tailerrak egingo ditu gaur arratsaldean

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 4a

Lau bilera deitu ditu koalizioak datozen egunetarako. Lehena gaur egingo dute, bigarrena zapatuan, hirugarrena hilaren 9an eta azkena hilaren 11n. Besteak beste, eredu sozioekonomikoa, berdintasuna, azpiegitura publikoak, etxebizitza politikak, udala eta herrigintza izango dituzte hizpide tailerretan.

Zestoako EH Bilduk hainbat tailer antolatu du datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako programa osatzen hasteko. Aukerak baliatuz, Zestoa ilunetik argitasunera izenburupean egingo dituzte lau saioak, gaur hasita. Koalizioak azaldu duenez, datorren agintaldian herria "geldiunetik atera eta balio aurrerakoietan oinarritutako egitasmoak egiteko" asmoz antolatu dituzte herritarrentzako tailerrak, eta eragileei nahiz norbanakoei bilkuretara bertaratzeko deia egin die.

Lehen saioa gaur, osteguna, izango da, eta herriko eredu soziekonomikoaz ariko dira hizketan; besteak beste, ekonomia lokala eta energia burujabetza izango dituzte hizpide. Bigarren saioa zapatuan egingo dute, eta feminismoa, integrazioa eta kulturartekotasunaz ariko dira hizketan. Hirugarren tailerra hilaren 9an, ostegunez, egingo dute, azpiegitura publikoak eta etxebizitza gai hartuta. Laugarren eta azken bilera, berriz, udala eta herringintzaren ingurukoa izango da, eta apirilaren 11n egingo dute. Saio guztiak Kultur Etxean egingo dituzte, 19:00etan hasita.

EH Bilduk jakinarazi duenez, Zestoako "trena erabat geldirik" dago: "Herritarrak ahaldunduz eremu ezberdinetan eragiteko oinarriak jartzen eta erabakiak hartzen ez badira, herri 'dormitorio' triste bat bilakatzeko zorian gaude". Koalizioaren aburuz, egungo herri eredua "agortuta" dago, eta "beste herri eredu" baterantz abiarazi behar da trena. "Herriko eragile ezberdinei erabakietan lekua egin behar zaie, gazteei Zestoan bizi ahal izateko baldintzak hobetu behar zaizkie, ingurumena zaindu behar da pertsonen ongizatea erdigunean jarrita, herrigunea eta auzoak biziberritu behar dira, hezkuntzari garrantzia eman behar zaio...".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide