Zestoako Udalak 2019ko aurrekontuak onartu zituen joan zen ostegunean egin zuen udalbatzarrean, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkakoekin. Guztira, 5.737.040 euroko aurrekontu orokorra izango du erakundeak aurtengorako, iaz baino %3,8 handiagoa. Josetxo Mendizabal alkateak adierazi duenez, iazkoen jarraipenak izango dira onartu berri dituztenak, eta haren hitzetan, partidetako askok ez dute "ia aldaketarik" izango. Kiroldegia berritzeko lanek hartuko dute partida nagusia: 424.268 euro bideratuko dituzte proiektua amaitzera. Gizarte larrialdetarako laguntzen zerbitzuak, berriz, 10.000 euro gehiago izango ditu aurten.
Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko tira-birez betetako udalbatzarra izan zen ostegunekoa. Izan ere, EH Bilduk uste zuen hurrengo hileko bilkuran landuko zituztela udal aurrekontuak, eta oposizioak "harriduraz" hartu zuen Udal Gobernuak martxoko osoko bilkurara eraman izana puntu hori. Orduan hasi zen bi alderdien arteko eztabaida; Mikel Arregi EH Bilduren bozeramaileak salatu zuen aurrekontuak "negoziatzeko" prozesurik ez dutela egin, kontu horiek Gobernu Batzordean landu ez dituztelako. Gorka Unanue EAJren zinegotziak, berriz, erantzun zion "orain arte" Ogasun Batzordean landu izan dituztela aurrekontuak, eta hala egin dutela oraingoan ere. "Bi Ogasun Batzorde egin ditugu, eta han izan duzue proposamenak azaltzeko aukera, baina ez duzue ekarpenik egin". Arregik, ordea, azpimarratu zuen aurrekontuak "ezinbestean" Gobernu Batzordean landu behar direla, hura delako "organo politikoa".
Udal aurrekontuen aurkako botoa eman zuen EH Bilduk, eta horretarako hainbat arrazoi plazaratu zuen. Besteak beste, kritiko agertu zen kiroldegia berritzeak izan duen "gainkostuarekin", eta arlo sozialari dagokionez, "gabezia" dagoela azaldu zuen: "Uste dugu alokairu sozialari beste buelta bat eman behar zaiola eta haren partida handitu behar dela". Era berean, berdintasunerako partidarik ez dagoela salatu zuen.
Zestoako herrigunean zegoen TS Fundiciones lantegiko eremua ere izan zuen hizpide Arregik. Hark adierazi zuenez, Kutxabanken esku daude lursail horiek, eta horrek herriaren garapenari eragin diezaiokeela uste du koalizioak. "Kutxabankek lurrak bere interes espekulatzaileetarako erabili eta hark udala hipotekatuko duen beldur gara". Beraz, udalak lur horiek erosi beharko lituzkeela eta horretarako partida batek egon beharko lukeela esan zuen Arregik.
Horrez gain, Zestoako Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentzian eskubide osoko kide izaten jarraitu behar ote duen aztertu beharko lukeela uste du EH Bilduk. "Zalantza dugu agentzian egotea Azkoitiarentzat eta Azpeitiarentzat bezain mesedegarria ote den Zestoarentzat. Ikusi dugu beste bi herrietan garatzen dituztela programak eta Zestoan parte hartze txikiagoa izaten dutela". Mendizabalek, berriz, azpimarratu zuen herriarentzat "mesedegarria" dela Iraurgi Berritzeneko kide izatea, agentzi horrek "zerbitzu asko" eskaintzen dituelako. 55.000 euroko bideratu ditu udalak horretara.
Obren kontratu berria
Aurrekontu orokorrez gain, kiroldegia handitzeko eta birgaitzeko obren kontratua ere aldatu zuen udalak. Unanuek gogoratu zuen erakundeak 2018. urte hasieran ekin ziola kiroldegiko azpiegiturak berritzeari, "egoera kaskarrean" zegoelako. Gimnasioa, aretoak eta komunak berritzea zen asmoa, baina ordutik aurreikusi gabeko beste hainbat obra egin behar izan dituztela azaldu zuen zinegotziak. Besteak beste, frontoian hormak eta haren atzealdeko sabaia konpondu dituzte, hainbat lagin hartu dute, fatxadaren zati bat margotu dute edota koadro elektriko handiagoa jarri dute. Horrenbestez, kontratu berri bat egin dute gehitu diren lan guztiak jasotzeko, eta proiektu osoak 155.567 euroko gehikuntza izan duela jakinarazi zuen.
EH Bilduren aurkako botoekin onartu zuten kiroldegiko obren kontratu berria. Izan ere, Arregik salatu zuen udalak ez dituela beharrezko "sukalde lanak" egin, eta horrek obren aurrekontua handitzea eragin duela. "Normala da aurreikusi gabeko gastuak sortzea, baina kasu honetan, egin dena eta horrek sortu dituen gastuak ez daude orekatuta. Zestoan, bi milioi euro baino gehiagoko proiektua edukitzea ez da onargarria".