Joan den martxoaren 27an 50 urte bete ziren Joxe Migel Egaña piraguista arroarra hil zela, istripuz. Ordutik, Zumaiako Itxas Gain piragua elkarteak hainbat omenaldi egin dizkio –asteazkenean egin zuten horietako bat–, baina Arroabean, gaur egin dute hura oroitzeko lehen ekitaldia. Arroabeko Auzko Elkarteak sustatu du omenaldia, Gu Ere Bai Arroko kirol elkartearekin batera.
Lehenik, Egañaren omenezko meza izan da Arroabeko elizan, eta ondoren, Joxe Migelen omenezko plazan egin dute omenaldia. Arroabeko Auzo Elkarteko ordezkari batek aurkeztu du ekitaldia, eta gero, istripua gertatu zenean Egañarekin zihoan Inazio Gonzalezek hartu du hitza. Hunkituta azaldu da Gonzalez, eta Egañaren oroimena beti bizirik mantenduko dela nabarmendu du.
Ekitaldia amaitzeko, sirena hotsa entzun da, eta jarraian, biolina jo du herritar batek. Segidan, Itxas Gain elkarteko piraguista batek loreak jarri ditu Egañaren omenezko monolitoan, eta agurra dantzatu dute bi dantzarik, soinujole batek lagunduta.
Hona hemen gaurko ekitaldiko irudiak: