Datorren apirilaren 6an, Zestoako Lili jauregian eskaintzen duten Lilitarren ohorea antzezlanak sasoi berria hasiko du, eta horren atarian, jauregiak ateak irekiko ditu herritarrentzat larunbatean. Hain zuzen ere, ate irekien jardunaldia egingo dute etzi, eta interesa dutenek hango zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute. Besteak beste, Lilitarren ohorea antzezlanaren aurrerapena ikusi ahal izango dute errealitate birtualaz baliatuz, eta bertaratzen direnek sarrera solairua eta erakusketa ere bisitatu ahal izango dute.
Ate irekien bi saio egingo dituzte larunbatean: 12:00etatik 14:00etara artean bata, eta 15:00etatik 17:00etara bestea. Antolatzaileek adierazi dutenez, plazak mugatuak izango dira, eta erreserbak Ekainberrin eta Lili jauregiko sarreran egin ahal izango dira.
Apirilaren 6an, zestoarrek doan
Apirilaren 6an hasiko dute denboraldia Lili jauregian, eta Lilitarren ohorea obra eskaintzen hasiko dira beste urte batez han. Hain zuzen ere, Zestoako Lili Jauregira itzuliko da Andre Madalen, jauregian bizi izan zen azken familiako burua, eta bere bizitza zeharo aldatuko duen gertaera baten ondoren, ikuslearen aurrean biluztuko da. Bakarrizketa moduan, Andre Madalenek barruan gordeta izan dituen tristura eta adorea aterako ditu. Bisitariek 1678. urtera bidaiatuko dute, eta etxeko gelak eta aretoak ikusiko dituzte obraren bidez.
Denboraldia hastearekin batera, zestoarrek sarrera doan izango dute apirilaren 6an. Egun horretan lau saio egingo dituzte, eta saio bakoitzean 10 plaza gordeko dituzte zestoarrentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, herritarrenganako duten "begirunea" erakusteko asmoz jarri dute haientzat doako sarrera, eta interesa dutenek pertsonalki joan beharko dute egunean bertan Ekainberriko edo Lili jauregiko sarreran dauden salmenta bulegora. Han, Zestoako biztanle direla frogatzen duen agiriren bat erakutsi beharko dute, eta ezin izango du beste pertsona baten izenean erreserbarik egin.
Apirilaren 6tik aurrera, irailean eta ekainean honako ordutegi hau izango dute saioek: larunbatetan, 11:30ean eta 16:30ean gaztelaniaz eskainiko dute antzezlana, eta 12:30ean eta 17:30ean, euskaraz; igandetan, berriz, 11:30ean gaztelaniazko emanaldia izango da, eta ordubete beranduago euskaraz hasiko da. Uztailean eta abuztuan, bestalde, honako ordutegi hau izango dute: asteartetik ostiralera bitartean, 16:30ean gaztelaniazko saioa hasiko da, eta 17:30ean euskarazkoa. Asteburuetan, berriz, ordutegi bera izango dute emanaldiek.
Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute programatutako ordu horietatik kanpo beste saio batzuk erreserbatzeko aukera izango dela, aurrez hala eskatuz gero. Antzezlanaren inguruko informazio osoa lortzeko, www.lilijauregia.com ataria bisitatu edo 943-86 88 11 telefonora deitu daiteke.