Duela 45 urte, 1974an, sei tolosarrek espedizioa egin zuten Laponiara. Laponia 74 izena eman zioten samien herrian zehar burutu zuten eski zeharkaldiari. Abentura hura gogoan, Laponiara bidaia egin zuten 2017ko martxoan Josu Iztuetak, Pablo Dendaluzek, Iker Iriartek eta Aitor Ossak (Arroabea, 1993), eta dokumental forma eman diote azkenean esperientzia hari. Joan den ostegunean estreinatu zuten Arrastoan Tolosako Leidor antzokian, eta larunbatean ere eman zuten, Pasaiako Albaola museoan.
Iztueta bidaiari tolosar ezagunarengandik abiatu zen duela bi urteko bidaiaren haria. "Iztuetak ezagutzen zituen 1974an Laponiara joan zirenak, bazeuzkan espedizio haren erreferentziak, eta haienaren arrastoari segika egindakoa izan zen, nolabait, gurea", kontatu du Ossak. Hala ere, duela 45 urtekoarekin alderatuta, beraiena "espedizioa baino gehiago txangoa izan" dela nabarmendu du arroarrak.
Iztuetaren bidez iritsi zitzaion Ossari Laponiara joateko aukera. Gurasoen laguna delako, aspalditik ezagutzen zuen tolosarra, baina 2016an estutu zuen harekiko harremana. "Laponiara joan baino urte erdi lehenago edo, Kanadako Yukonera bidaia txiki bat egin nuen Josurekin, eta orduan hobeto ezagutzeko aukera izan nuen. Handik bueltan hasi zitzaidan komentatzen bazuela Laponiara eskiatzera joateko gogoa. Lehen ere izandakoa zen Laponian, baina oraingoan beste era bateko bidaia egitea nahi zuen". Ossa bezala, Dendaluze tolosarra eta Iriarte alegiarra ere batu zituen proiektura Iztuetak.
Laponian, bi eski zeharkaldi egin zituen laukoteak, 1974ko tolosarrak ibilitako paraje bertsuetan. Urho Kekkonen natur parkean hiru eguneko zeharkaldia egin zuten aurrena. Atsedenerako egun batzuk hartu ondoren, Ivalora joan ziren, eta handik Inarira, izen bereko lakua eskiekin zeharkatuz.
Laponiako Finlandiako partean ibili ziren Ossa eta konpainia. Arroarraren ama finlandiarra da eta Ossak badaki finlandieraz; beraz, "komunikatzerakoan-eta askotan bitartekari lanak egitea" egokitu zaio.
Laponia gerturatzen
Espedizioa baino txangoa gehiago izan arren, 1974ko tolosarren arrastoan eta esperientzia haren aitzakian egindako bidaia izan zen 2017koa; eta "hasieran asmo jakinik ez" izan arren, Laponiako ibiliak eta egonaldia aprobetxatu zituzten irudiak hartzeko, eta hango biztanleen bizimodua hobeto ezagutzeko ere bai. "Kamera hartu, grabatu eta ea zer ateratzen den", horrela ibili zirela dio Ossak, baina emaitza borobila plazaratzeko moduan izan dira azkenean.
Laponian izan ziren laurak dira dokumentalaren protagonista. Dendaluze izan da irudiak eta istorioak josteko ardura izan duena, baina besteek ere jarri dute beren aletxoa.
Arrastoan izena eman diote estreinatu berri duten dokumentalari, duela 45 urteko espedizio haren arrastoan ibili zirelako Laponiara duela bi urte joandakoak, eskiekin elurretan arrastoa uzten ibiltzeaz gain. "Eski zeharkaldiak grabatzeaz gain, hango errealitatea eta kultura ere pixka bat jasotzea nahi izan genuen. Hasieran, agian, asmoa ez zen kultur edukiari hainbeste begiratuko zion dokumentala egitea. Baina gero konturatu ginen zer aberastasun eta zer aukera zeuden alde horretatik ere, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun samien bizimodua eta kultura ere erakustea. Alde batetik, dokumentalean erakutsi nahi izan dugu Euskal Herriaren eta Laponiaren arteko lotura, eskia tarteko; eta bestetik, sami herria bera", azaldu du Ossak.
Dokumentala aurkezteko prestatu dituzten ekitaldietan ere nabarmena izan da Laponiako kulturaren eta sami herriaren presentzia, bai Tolosan, bai Pasaian. Inariko samien eskolako bi irakasle eta beste bi joik inprobisatzaile –hemengo bertsolarien hango parekoak– Euskal Herrian izan ziren joan den astean, Arrastoan filmaren aurkezpenaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzeko.
Aurrerantzean ere Arrastoan batean eta bestean erakusteko asmoa badutela dio Ossak, baina zehaztutako emanaldirik ez, momentuz. Finlandian bizi da gaur egun arroarra, energia berriztagarrian inguruan master bat egiten ari da, eta "gustura asko" jarraituko luke Laponiakoa bezalako bidaiak egiten.