XVII. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketak Zestoan izango du hitzordua datorren larunbatean. Joan den ostiralean hasi zen bertsolari gazteei bertsotarako aukera ematea eta bertsoa gazteengana hurreratzea helburu dituen txapelketaren aurtengo ibilia, Ondarroan. Zestoakoa izango da kanporaketa faseko laugarren eta azken saioa, baita edizio honetan Urola Kosta eskualdean egingo den bakarra ere. Guztira, 24 bertsolarik parte hartuko dute kanporaketa fasean.
Larunbatean, 22:00etan hasiko da saioa Zestoako Gaztetxean. Beñat Torres, Mikel Iturriotz, Iker Letamendia azpeitiarra, Alexander Idoeta, Bittor Zubiagirre eta Peru Aiertza dira azken kanporaketa horretan kantatuko duten bertsolari gazteak. Epaile lanak, berriz, Zigor Leundak, Oihana Aranguren azpeitiarrak eta Aitor Salegi zestoarrak egingo dituzte.
Etxeberria eta Peritz, finalaurrekoetara
Zestoan lehiatuko den Letamendiarekin, bost dira XVII. Plazatik Gaztetxera txapelketan parte hartu edota hartuko duten eskualdeko bertsolariak: Oier Etxeberria azpeitiarra, Ane Peñagarikano eta Aner Peritz zarauztarrak, eta Julene Iturbe azkoitiarra.
Orain arte bi kanporaketa jokatu dira, eta bietan Urola Kostakoak izan dira irabazle: Etxeberria nagusitu zen Ondarroan, eta Peritz Itziarren. Horrenbestez, Etxeberriak eta Peritzek finalaurrekoetarako txartela ere bereganatu dute: Elgoibarkoan ariko da azpeitiarra –iaz bigarren egin zuen finalean–, apirilaren 5ean, eta Eibarkoan zarauztarra, apirilaren 12an.
Peñagarikanok ere Ondarroan kantatu zuen, baina aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu zen. Iturbek, berriz, Mutrikuko kanporaketan parte hartuko du; ostiralean izango da hori, Zestoakoaren bezperan.