Kobazuloen Egunaren hamargarren edizioa ospatuko dute Ekainberrin

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 23a

Euskal Herriko zortzi kobatan X. Kobazuloen Eguna ospatuko dute bihar, igandea. Egun horri lotuta, Zestoako Ekain kobazuloaren Ekainberri erreplikan hainbat ekitaldi antolatu dituzte biharko.

Ekain kobazuloa aurkitu zeneko 50 urteurreneko ospakizunetan murgilduta daude urte osoan Zestoako Ekainberrin; zehazki 2019ko ekainaren 8an beteko dira 50 urte. Urtemuga ospatzeko ekitaldien egitarauaren barruan, bihar, igandea, X. Kobazuloen Eguna ospatuko dute Ekainberrin. Egun hori Euskal Herriko zortzi kobazulotan ospatuko dute bihar, Lurpea elkarteak antolatuta.

Bihar, martxoak 24, Ekainberriko sarreren prezioan %50eko deskontua izango dute bisitariek. Bisita gidatuetan kobazuloen ezaugarriek bertan bizi ziren gizakietan eta beren bizimoduan nola eragiten zuten erakutsiko dute. Ekain Abentura tailerrean, berriz, Paleolitoan bizirauteko beharrezkoak ziren sua egin, margotu eta ehizatzen ikasiko dute parte hartzaileek. Bisitan eta abenturan parte hartzeko lekua aurretik erreserbatzea komeni dela adierazi dute Ekainberrikoek. Gainera, bihar Ekainberriko liburutegi txokoan mahaiak jarriko dituzte margolanak egiteko materialarekin eta gero norberak bere lana etxera eramateko aukera izango du.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide