Etxepare Institutuaren deialdi bati esker, Txilen bizi da Mireia Orbegozo (Zestoa, 1983). Atzerrira joateko gogoa asebetetzeko aukera izan du, nahi zuen horretan arituz, gainera. Izan ere, euskara eta euskal kultura irakaslea da Etxepareko irakurlea. Etxetik milaka kilometrora egonagatik, urte eta erdi pasatxo igarota, "gustura" da zestoarra.
Txileko Unibertsitateko eta Txileko Unibertsitate Katolikoko irakaslea zara. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Oso aberasgarria, bai profesionalki, bai pertsonalki. Irakastera etorri nintzen, baina neu ari naiz gehien ikasten.
Euskara eta euskal kultura saioek zer harrera dute Txilen?
Ia ehun ikasle matrikulatzen dira, guztira, seihileko bakoitzean: 60 pasatxo Txileko Unibertsitatean eta 30 inguru Unibertsitate Katolikoan. Helduen eskolako taldea, berriz, txikiagoa da; aurreko seihilekoan sei ikasle izan nituen.
Zein da ikasleen profila?
Hautazko ikasgai bat da, eta, beraz, askotariko ikasketak egiren ari den jendea elkartzen da: Ingeniaritza, Matematika, Biologia, Historia, Antropologia, Kazetaritza, Zientzia Politikoak, Ekonomia, Zinema, Letrak... Hori oso interesgarria da ikasgelako dinamikarako, ikuspegi desberdinak agertzen baitira. Jatorriari dagokionez, ikasle gehien-gehienak txiletarrak dira. Ikasle brasildar bat izan nuen, venezuelar bat ere bai...
Ikasle horiek zerk erakartzen ditu euskarara eta euskal kulturara?
Pentsatzen nuen euskal jatorria izango zela arrazoi nagusia, eta dezente dira abizen euskaldunak dituztenak, baina gehienek kuriositateagatik ematen dute izena ikastaroan: hau da, beste hizkuntza bat ikasi nahi dutelako, lagunek ikasgaia gomendatu dietelako... Eta batzuek zintzotasunez aitortzen didate ordutegia egokia delako hautatu dutela.
Helduekin euskara lantzeko talde bat ere baduzue. Zer harrera izan du egitasmoak?
Oso ona. Hizkuntza ikastera bideratutako ikastaroko taldea txikiagoa da, eta luxua dela esan dezaket. Bospasei ikasle hutsetik hasi ziren euskara ikasten irailean, eta ikaragarri aurreratu dute ordutik. Oso ikasle motibatuak dira, eta denek ondo ezagutzen dute Euskal Herria, hala nola arbasoak hangoak dituztelako, lan kontuengatik sarritan bidaiatzen dutelako hara... Bitxikeria gisa, talde horretako ikasle batek Txileko txakolinari buruzko masterra aurkeztu berri du: XVIII. mendetik euskal txakolinaren antzekoa den edari bat ekoizten da Txileko erdialdeko eskualde batean.
Eskolez gain, beste hainbat ekintza ere antolatzen duzue. Orain, Korrika ari zarete prestatzen. Zer moduz doa?
Antolaketa batzordea osatzeko bilera batzuk egin ditugu Santiagoko Euzko Etxeko kideekin eta Euskadiren Txileko Ordezkaritzakoekin, AEK-koekin koordinatu eta materiala eskatzeko, ibilbidea pentsatzeko, datak eta egitaraua finkatzeko... Eta asmoa da Korrikaren bigarren asteburuan bost bat kilometroko ibilbidea egitea Santiagoko kale eta parkeetan, Euzko Etxean bukatzea, han manifestua irakurri eta ekitalditxo bat egitea, eta eguna herri bazkariarekin borobiltzea.
Etxepare Institutuaren irakurlea zara. Zer esan nahi du horrek?
Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore titulua dugu. Horrek esan nahi duena da gure herriaren eta hizkuntzaren zabalkundea egiteko zeregina dugula. Euskal Herriaren eta bizileku dugun herriaren arteko loturak bilatu behar ditu irakurleak, hala nola euskal kulturarekiko jakin-mina piztu, euskal gaien unibertsitate ikerketa bultzatu, komunitateen arteko zubi lana egin, bertako hizkuntzen elkarguneetan parte hartu eta gure kultura ezagutarazteko zirrikituak bilatzen saiatu.
Zer zailtasun ditu euskara eta euskal kultura munduan zabaltzeak?
Etengabe antena piztuta eduki behar da, eta momentuko egoerara eta baliabideetara egokitzen jakin. Zabalkuntzarako onura izan daiteke euskarak onespena eta aitortza izatea nazioartean. Bestalde, euskararen berreskuratzea eredu da hizkuntza txiki askorentzat, eta euskarak bultzada eman diezaieke horiei indartze prozesuetan. Herri txikia gara, baina aktiboa kultur sormenari dagokionez. Beraz, garrantzitsua da horren berri ematea eta sareak indartzen eta eraikitzen jarraitzea. Adibidez, Irakurletzak sustatzen duen beka baten bidez, Santiagoko bost ikasle gazte Euskal Herrian izan dira aurten.
Txilen zer dakite euskarari eta euskal kulturari buruz?
Badakite zerbait Euskal Herriari buruz, baina askotan ez dira jabetzen euskaldunek Txileren historian izan duten eraginaz. Santiagoko kale izenei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: Irarrazaval etorbidea, Egaña plaza, Mugica kalea, Balmaceda parkea, Goyeneche, Barnechea, Echaurren, Gorbea... Diotenez, XVIII. mendean, txiletarren herena jatorri euskaldunekoa zen. Ikasle batzuek eskoletan jakin izan dute beren abizena euskalduna dela.
Mintzanet egitasmoan ere parte hartzen duzu. Bidelaguna zara, eta zure bidelaria Bilbokoa da. Txile eta Bilbo... bada distantzia!
Bai, bai [barrez]. 13.000 bat kilometro daude batetik bestera. Egun, teknologia berriei esker, ordea, erraza da harremana izatea. Hilean bitan elkartzen gara pantailaren alde banatan, eta berriketaldi polita izaten dugu. Nire bidelaria primeran moldatzen da euskaraz, eta arinak eta atseginak izaten dira saioak.
Kultur dinamizazioan ere aritzen zara, beste hainbat erakunderekin elkarlanean: Euzko Etxearekin, adibidez. Zer dinamika du Santiagoko euskal etxeak?
Euskara saioak eskaintzen dituzte, pilota entrenameduak eta txapelketak egiten dira, 30eko hamarkadatik abesbatza bat dago martxan, muserako hitzorduak jartzen dituzte... Horrez gain, zenbait ekitaldi antolatzen dira egun seinalatuetan: Gernikako Bonbardaketaren urtemugan, Aberri Egunean, San Inazio egunean... Iaz Diasporaren Eguna ospatu genuen, baita Euskaraldia eta Euskararen Eguna ere.
Euskaldun askorekin egin al duzu topo Txilen?
Ezagutu ditut batzuk, besteak beste, Erasmuseko ikasleak, lanera etorritakoak, bidaiariak... Bertan jaio eta euskaldundu direnak ere bai.