Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea da martxoa, eta Ekainberrik, Ekaingo haitzuloaren erreplikak, Danbolinzulo haitzulorako bisita gidatua antolatu du astelehenerako. Aitziber Gorrotxategi (Aizarna, Zestoa, 1981) gidari aritzen da Ekainberrin, eta astelehenekoa "bisita berezia" izango dela azpimarratu du, haitzuloa itxita baitago berez. Azken hamarkadan inguru horretan antzeko beste bospasei haitzulo aurkitu dituztela jakinarazi du gidariak.
Zer historia dago Danbolinzulo haitzuloaren atzean?
Arkeologo talde bat 80ko hamarkadaren hasieran hasi zen ikertzen Danbolinzulo haitzuloa. 2014ko abenduan, lehendik ezagutzen zituzten haitzuloetara itzultzen hasi ziren arkeologo horietako batzuk, eta orduan konturatu ziren Danbolinzulon, agian, labar artea zegoela, orban gorri batzuk aurkitu baitzituzten hormetan, eta historiaurrekoak izan zitezkeen. Hainbat azterketa egin eta gero ondorioztatu zuten baietz, orban gorri horiek labar artea zirela.
Ordura arte irekita egon zen haitzuloa?
Bai. Inguruan sasi pila zeukala, hori zen babes bakarra. Zestoako adin ertaineko talde bat aspalditik ari zen esaten umetan Ertxiña mendira igotzen zirela maisu batekin, eta handik ikusten zutela Danbolinzulo haitzuloa. Azkenaldian, hara joan behar zutela esanez ari zen kuadrilla hori, eta aurkikuntza egin zuten sasoi bertsuan iritsi ziren Danbolinzulora. 25-30 urtean erabat ahaztuta izan eta gero, bi talde aldi berean iritsi ziren, azkenean, gune horretara.
Labar artea aurkitu zutenean, itxi egin zuten haitzuloa, ezta?
Hala da, bai. Labar margoak aurkitzearekin batera itxi zuten, eta inor ez sartzeko hesi bat jarrita dago gaur egun.
Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.