Hondakinak gaika biltzeko sistema berriak utzitako datuen balorazio "positiboa" egin du Urola Erdiko Mankomunitateak

Maialen Etxaniz 2019ko martxoaren 15a

Orkatz Goenaga eta Aitor Bereziartua, mankomunitateak Azpeitian duen bulegoaren aurrean. (Maialen Etxaniz)

2018. urteko hondakinen gaikako bilketak utzitako datuak jakinarazi ditu Urola Erdiko Mankomunitateak. Emaitzak mahain gainean jarrita, mankomunitateko arduradunek nabarmendu dute joan berri den urtea "esanguratsua" izan dela partzuergoarentzat. Izan ere, mankomunitateak hainbat aldaketa egin du Urola Erdiko herrietako hondakinen bilketa sisteman, tokian tokiko udalekin adostuta. Hondakinak gaika sailkatzeko sistema berriak utzitako datuak "positiboak" direla uste dute mankomunitateko arduradunek. 2017. urtean, Urola Erdian hondakinen %58 jaso zen gaika. 2018. urtean, aldiz, hondakinen %68. Iazko datua "ona" dela uste dute mankomunitateko ordezkariek. Horregatik, herritarrek sistema berriaren aurrean erakutsi duten prestutasuna eta jarrera nabarmendu nahi izan dute. Hori ez ezik, eskerrak eman dizkiete beren ekarpenak eta iradokizunak egin dituzten herritarrei. "Zenbait norbanakok egindako iradokizunei esker sistema hobetu dugu hainbat txokotan. Obrak ere egin behar izan ditugu, baina hoberako izan da. Beraz, herritarrei eskerrak eman beharrean gaude", esan du mankomunitateko lehendakari Aitor Bereziartuak.

Garbigunea eta bolumen handiko trasteak

Gaikako sistema berriarekin batera, Azpeitiko zein Azkoitiko garbiguneak "indartu" direla uste dute partzuergoko ordezkariek. Izan ere, haien hitzetan, "gora" egin dute bi herrietako garbiguneetako erabiltzaileen datuek. Gaikako hondakin sistemaz eta garbiguneko zerbitzuan egondako aldaketaz gain, bolumen handiko zaborren bilketak hainbat berrikuntza ezarri zituen Urola Erdiko Mankomunitateak 2018. urtean. Lehen, astean egun batez jasotzen zituzten tamaina handiko trasteak eskualdeko herrietan, baina sortzen ziren "arazoak ekiditeko" hainbat neurri hartu zituen mankomunitateak. Orain, etxez etxe jasotzen dituzte bolumen handiko zaborrak. Bereziartuaren hitzetan, zerbitzu berria "ondo" ari da funtzionatzen. Era berean, herritarrek zerbitzu berriaren aurrean "jarrera ona" erakutsi dutela esan du mankomunitateko lehendakariak. 

Hona hemen Urola Erdiko Mankomunitatearen datu zehatzak: 

Hona hemen datuak herriz herri: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide