Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren alkategaiak aurkeztu du bere hautagaitza

Mailo Oiarzabal 2019ko mar. 12a, 14:10

"Kultura eta bizikidetza" izango dira Mendizabalek gidatuko duen egitasmoaren "motorrak", eta aurkezpenean behin eta berriz aipatu duen "estilo berri" baterako "abiapuntuak".

 

Garikoitz Mendizabal hizketan, Eva Mangas eta Joseba Egibar atzean dituela, gaurko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Duela egun gutxi aurreratu bezala, gaur aurkeztu du EAJk maiatzeko udal hauteskundeetan Zestoan aurkeztuko duen hautagaia: Garikoitz Mendizabal. Laranjadi plazan, egungo alkate Josetxo Mendizabal eta udaleko gobernukideak zein alderdikide batzuk aurrean zituela. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen babesa izan du Mendizabalek aurkezpenean, eta EAJk hautesundeetara aurkeztuko duen programaren eta lan ildoaren hainbat zertzelada ere azaldu ditu alkategaiak. "Kultura eta bizikidetza" izango dira Mendizabalek gidatuko duen egitasmoaren "motorrak", eta aurkezpenean behin eta berriz aipatu duen "estilo berri" baterako "abiapuntuak".

Egibarrek hartu du hitza aurrena. Esan du, besteak beste, "orain arte ditugun bezala, etorkizunean ere udalean ardurak geure gain hartu eta Zestoak, eta eskualdeak, bide batez, aurrera egin dezaten" aurkezten dituela bere hautagaiak EAJk. GBBren buruak nabarmendu du gero eta zailagoa dela herrigintzan eta politikan aritzeko konpromisoa hartuko duen jendea topatzea, eta "konpromiso hori hartu duelako eskerrak eman" dizkio Mendizabali "alderdiaren izenean, erakusten duelako, besteak beste, bere buruaz gain beste zerbait ere maite duela: bere herria. Eta uste dut herri bat maitatzea eta herri horren alde lan egiteko konpromisoa hartzea benetan azpimarratzekoa dela, eta txalogarria".

Zestoako EAJri "aukeragatik" eskerrak emanez hasi du hitzartzea Mendizabalek. "Izugarrizko ohorea da, izugarrizko ilusioa egiten dit ardura hauek hartu izanak. Jende askok galdetu dit azken asteotan 'hiri zer galdu zaik, Garikoitz, hor sartzeko?'. Eta hauxe erantzuten diet: nire txistulari ibilbidean, zorionez, asko aritzea tokatu zait bai Euskal Herrian, bai atzerrian. Han eta hemen, jendeak galdetu egiten dizu, 'nongoa zara? non dago zure herria? nolakoa da?'. Eta enbaxadore lan hori beti egin izan dut izugarrizko ilusioarekin eta pozarekin. Orduan, orain hartzera noan ardura hauek, herritarrek eta auzotarrek hala nahi badute, behintzat, ohore eta ilusio ber-berarekin hartzen ditut".

Zestoak azken urteetan "hobera" egin duela deritzo Mendizabalek, eta herriari "bultzada eta estilo berri bat" ematea da bere asmoa. Bide horretan, lau zatitan banatuta egongo den egitasmoaren lehen zertzeladak aurkeztu ditu gaur. Horrela, bizi kalitatea eta ekonomia, gizarte zerbitzuak, kultura eta auzo oreka" izango dira EAJkoen egitasmoaren ardatz nagusiak.

Udalerako dituzten asmoak aurrera eramateko talde berria osatu dutela aurreratu du EAJren alkategaiak; talde horretako kide izango denetako bat, Eva Mangas, ondoan izan du aurkezpen ekitaldian Mendizabalek. Hurrengo asteetan ezagutaraziko ditu Zestoako EAJk udal hauteskundeetarako zerrenda osatuko duten gainerako kideen izenak, baina alkategaiak aurreratu du "gaztetasuna eta esperientzia uztartzen" dituztela, hasieran aipatu duen "estilo berria" indartzeko asmoarekin.

Egibarrek esandakoen ildotik, herri bat gidatzeko "herria maitatzea, herriari entzutea eta herria errespetatzea ezinbestekoak" direla gogoratu du jeltzaleen Zestoako hautagaiak, eta gehitu du berak eta bere taldeak badutela maitasun hori. "Zestoa aktiboa, irekia, argia, garbia, jasangarria, baloreetan aberatsa eta, ezer baino lehen, oso-oso humanoa" nahi du Mendizabalek. Lantzen ari diren gobernu eredua "irekia" izango dela ere azpimarratu du, "sentsibilitate desberdinak hartuko dituena, desadostasun edo borroka politikoak gainditu eta batzen gaituenari erreparatuko diona".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide