Pilotako Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren promozio mailako finalerdien atarian gelditu dira eskualdeko emakume pilotariak. Joan zen urtarrilean hasi zen txapelketa, eta hainbat bikote hasi ziren lehiatzen, promozio mailan: Reyes Azkoitia beterano azkoitiarra haren alabarekin, Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre arroarra, Araitz Eizagirre zestoarra –Naroa Elizalde bikote duela–, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak, Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Maria Garate eta Leire Martin azkoitiarrak.

Sudupen (Bizkaia) jokatutako kanporaketan lehiatik kanpo gelditu ziren Azkoitia eta haren alaba, eta Orozkon jokatutako kanporaketan, berriz, Garate eta Martin azkoitiarrek ez zuten lortu final laurdenetarako txartela. Gainontzeko eskualdeko pilotari guztiek joan den asteburuan jokatu dituzte promozio mailako final laurdenak, eta ez dute finalerdirako txartela eskuratzerik izan. Hain zuzen, finalaurrekoaren atarian gelditu dira Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre arroarra, Araitz Eizagirre zestoarra –Naroa Elizalde bikote duela–, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak eta Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Urduñan (Bizkaia) eta Gordexolan (Bizkaia) jokatu zituzten final laurdenak joan den asteburuan.
Martxoaren 9an jokatuko dute Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren promozio mailako finala, Legazpin.