Arroabeko Guraso Elkarteak salatu duenez, DBHko ikasleek eskolara joateko garraiorik gabe gelditzeko arriskua dute. Hain zuzen ere, auzoko ikasleak Zumaiara joaten dira DBHko ikasketak egitera, eta horientzat garraio zerbitzua bermatzen du Hezkuntza Sailak. Dena den, elkarteak azaldu duenez, legedian jasota dago bizitokiaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago egonez gero eta autobusean plazarik ez badago, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek garraio eskubidea galtzen dutela.
Guraso elkarteak azaldu duenez, Aizarnazabalgo, Oikiako, Arroabeko eta Narrondoko ikasleek erabiltzen dute autobusa Zumaiako eskolara joateko. "DBH 1. eta 2. mailako ikasleek bermatuta dute tokia, baina horiek autobusa beteko balute, eta Arroa eta Zumaia artean lau kilometro baino gutxiago daudela kontuan hartuta, Arroabeko umeak garraiorik gabe geldi daitezke derrigorrezko hezkuntzan", azaldu du elkarteak.
Arrisku hori dela eta, guraso elkarteko kideak "kezkatuta" agertu dira. Gainera, horiek esan dutenez, Hezkuntza Sailera jo dute: "Baina indarrean dagoen legedia hori dela erantzun digute". Arroabeko Guraso Elkarteak dioenez, haurrek "derrigor" behar dute eskolara joateko garraioa adin horretan. Horregatik, eta garraio zerbitzua bermatzea eskatzeko, sinadura bilketa hasi dute guraso elkarteko kideek. Herritarrek Txomin tabernan, Lurdesenea tabernan, ile-apaindegian nahiz eskolan izango dute garraioaren aldeko sinadura emateko aukera.