Zestoan oraindik mozorroak ez dituzte gorde, eta horren erakusgarri da gaur arratsaldean herriko kaleek hartu duten itxura. Izan ere, asteburuko festa igarota, Inauterien bigarren ekinaldia izan dute gaur, asteartea, eta umeek izan dute zer gozaturik beste behin ere. Ekain guraso elkarteak antolatuta, txokolate beroarekin meriendatzeko aukera izan dute dozenaka umek Gure Txokoa elkartearen inguruan, eta sabelak bete ondoren, musika ikuskizuna hasi da udaletxe azpian.
Ohi bezala, zestoarrek larunbata izan zuten festetako egun nagusia. Umeek mozorro lehiaketa egin zuten udaletxe azpian prestatutako pasarelan, eta jai giroa izan zen nagusi herriko beste hainbat txokotan ere. Gaur, berriz, umeek musika doinuekin agurtuko dituzte Inauteriak hurrengo urtera arte.