Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko dute bihar Zestoan

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 28a

Biharko kanporaketan Uxue Alkorta zarauztarra, Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak, June Garmendia, Oihana Arana eta Igauri Lopetegi bertsolariak arituko dira kantuan. Bertso afari formatuan egingo dute kanporaketa, Zestoako Lau Iturri elkartean.

Iazko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finaleko argazkia.

Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Bertso Txapelketaren bigarren saioa jokatuko da bihar, martxoak 1, Zestoan. Joan zen astean hasi zen bertso sariketa Ibarran, eta aste honetan Zestoako Lau Iturri elkartera iritsiko da. Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietatik 11 bertsolari eskualdekoak dira: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Biharko saioan honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Uxue Alkorta zarauztarra, Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak, June Garmendia, Oihana Arana eta Igauri Lopetegi. Bigarren kanporaketa Zestoako Lau Iturri elkartean jokatuko da, 20:00etan hasita. Iaz bezala, afari formatuan egingo dituzte kanporaketak.

Hirugarren saioa Orioko Aldapa elkartean jokatuko dute martxoaren 15ean, eta Irati Arakistain, Maider Garmendia, Joane Aldalur, Aner Peritz , Xabier Agirre eta Jon Azpiroz ariko dira kantuan. Laugarren eta azken kanporaketa Orioko Larrain-Gain elkartean izango da, eta kantuan arituko diren bertsolariak Haizea Arana, Julene Iturbe, Naia Arrizabalaga, Aimar Sorazu eta Bittor Zubiagirre. 

Guztira, lau kanporaketa egingo dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren izango da apirilaren 5ean. Lau kanporaketetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide