Iazko udan Euskal Herriko Askapena erakunde internazionalistarekin Argentinara eta Uruguaira joandako brigadistek hitzaldia eskainiko dute bihar, osteguna, Zestoako Gaztetxean, 18:30ean hasita. Brigadista horietako bat da Aitor Arzuaga zestoarra, eta, orain, herrian azalduko ditu Askapenaren Argentina-Uruguai brigadan ikusitakoak eta ikasitakoak.
Arzuaga 2018ko udan animatu zen Askapenaren brigadetan izena ematera, "zerbait ezberdina" egiteko grinak bultzatuta. Argentinakoa izan zen brigadista gisa bizitako aurreneko esperientzia. "Hasieran, Libanora joan nahi nuen, baina ezin izan nuen, ingelesa ez nekielako. Beste leku bat aukeratu behar izan nuen orduan, eta Argentinara joatea erabaki nuen, leku interesgarria baita", azaldu du zestoarrak. Uda sasoiko ohiko oporraldia utzi, eta Askapenaren brigadetan izena ematera animatu zen Arzuaga, "formakuntza politikoa" helburu. "Beste errealitate bat ezagutzeko eta bertatik ikasteko joan nintzen brigadista, baita konpromiso militantean beste pauso bat emateko ere", azpimarratu du.
Esperientziak eta borrokak hizpide
Arzuagak azaldu duenez, hainbat gai jorratuko dituzte bihar Zestoako Gaztetxean emango duten solasaldian, hala nola Argentinako historia, Argentinaren gaur egungo egoera politikoa eta bertako egoera ekonomikoa.
Ekonomiaren arloan sakonduko dutela aurreratu du Zestoako gazteak: "Argentinako Herri Ekonomiaz hitz egingo dugu bihar. Estatua iristen ez den eremuetan martxan dagoen sistema produktiboa da hori, bertako jendeari sostengua ematen diona. Asko dira Herri Ekonomian esku hartzen duten eragileak". Produkzio sistema hori gertutik ezagutzeko aukera izan zuten Arzuagak eta haren brigadakideak iazko udan. Esperientzia hartatik ikasitakoa elkarbanatuko dute bihar Zestoan. "Argentinako Herri Ekonomia sustatzen duten eragileak zein diren eta zein ezberdintasun dituzten edo lana nola egiten duten kontatuko dugu solasaldian. Eragile horiek sindikatu konfederatu batean daude egituratuta, eta antolaketa modu horren funtzionamendua zein den kontatuko dugu", azaldu du Arzuagak.
Argentinara begira ez ezik, Latinoamerikako beste hainbat lekutara begira ere jarriko dira bihar Zestoako Gaztetxean. Izan ere, Latinoamerikako egoera politikoaz eta "inboluzioaz" ere hitz egingo dute Askapenako bi brigadistek. "Hitzaldira bertaratzen diren lagunek interesa agertzen badute Venezuelan jazotzen ari denaz hitz egingo dugu, eta gaian sakontzeko aukera izango da", adierazi du zestoarrak.