4.600 kilo. Hori da aurten Zestoako Wadna Sahararen aldeko elkarteak Piztu Itxaropena euskal karabana solidarioari egin dion ekarpenaren kopurua. Urte hasieran hainbat herri eta hiritan egindako janari bilketa kanpainetan jasotakoarekin, martxoan abiatuko da urteroko euskal karabana saharar errefuxiatuen kanpamentuetara.
Urtarril bukaeran egin zuten aurtengo janari bilketa Wadnakoek. Zestoan bertan hainbat dendetan, kalean jarritako postuan, Herri Ikastetxean zein Arroabeko eta Aizarnako eskoletan ez ezik, aurten ere Azkoitiko Maxi Eroskin eta Xabier Munibe Ikastolan bildu dituzte Saharara bidaltzeko elikagaiak; baita, aurreneko aldiz, Getariako Iturzaeta herri eskolan ere, eta Zumaiako bi ikastetxeetan zein herrian bildutakoa ere Zestoara eraman dute, laguntza Wadnakoek bidera dezaten.
Oporrak Bakean kanpainaren txanda
Janari bilketa bukatuta, Oporrak Bakean kanpainarekin hasiko da lanean Zestoako Wadna elkartea, Saharako haurrak udan Euskal Herrira ekartzeko. Wadnako kideek azaldu dutenez, "gero eta adin handiagoarekin irteten dira haurrak lehen aldiz kanpamenduetatik eta uda gutxiago pasatzen dituzte hemen, gure artean. Horren arrazoia da gero eta harrera familia gutxiago daudela, eta umeak ateratzeko data atzeratzen ari da. 10-11 urterekin ari dira lehen aldiz irteten, eta pare bat uda igarotzera besterik ez dira etortzen; lehen, 7-8 urterekin irteten ziren eta lau uda pasatzen zituzten kanpoan. Ume asko dago kanpalekuetan eta nahi dute guztiei ematea irteteko aukera".
Harrera familien beherakada udan Saharako haurrak hartzen dituzten herrialde guztietan gertatzen ari dela diote Wadnakoek. Zestoan ere joera hori eman da: "Zestoan, urteetan egon izan dira bi edo hiru ume udan, baina azken bi urteetan ez da umerik egon". Horri aurre egiteko, azken urteetan aterpetxeetan hartzen ari dira Euskal Herrira datozen haur sahararrak, Gipuzkoan zein Bizkaian. Udan aterpetxe horietan elkartzen diren umeak zein familietan daudenak elkartu nahi dituzte aurten ere Zestoan, uztail bukaeran edo abuztu hasieran egingo duten urteroko harrera festan.