Herri Antolaketaren Plan Orokor (HAPO) berria diseinatzeko lanean jarraitzen du Zestoako Udalak. Aurreko astean orain arte egindakoaren berri emateko eta datozen urratsak azaltzeko bilera irekia egin ondoren, bihar HAPOa diseinatzeko martxan jarri zuten parte hartze prozesuaren barruko tailer irekia egingo dute. Hain zuzen ere, tailer horretara agertzeko "ahalegin berezia egitea" eskatu die udalak herritarrei, plan berrirako ekarpenak egiteko azken aukera izango baitute biharkoa. Udaletxeko areto nagusian izango da parte hartze tailerra, 18:30ean.
Zestoako herrigunerako eta auzoetarako datozen urteetako hirigintza asmoak zehaztuko ditu HAPOak. Udalak azaldu duenez, planaren aurre-aurrerakina idatzita dago, eta dokumentu horretan oinarrituta, proposamen zehatzak landuko dituzte: herriguneko eta auzoetako zonaldeen erabilerak (industria, etxebizitza, landaguneak...); zenbat etxebizitza egin behar diren, non eraiki daitekeen eta non ez; ekipamendu berriak (kirolguneak, aisialdikoak, kulturalak, hezkuntzakoak...); errepide berriak nondik pasatuko diren; edota babestu beharreko ondarearen errepasoa, besteak beste.
Biharko tailerraz gain, HAPOa zehazteko saio gehiago ere izango dira, baina horiek udal teknikariei eta agintariei zuzendutakoak izango dira. Herritarrei irekitako tailerrean zein gainerako saioetan jasotako ekarpenekin idatziko dute plan orokorraren aurrerakin agiria. Hura idatzitakoan, hari alegazioak aurkezteko aukera izango da, baina ekarpen edo proposamen berririk ezingo da gehitu.