Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa hasi zuten urtarrilaren amaieran, eta asteburu honetan jokatu dute kanporaketa bat, Orozkon (Bizkaia). Bertan, lehen mailako finalerdietan ariko diren pilotariak zein izango diren–Errenterian (Gipuzkoa) jokatuko dituzte martxoaren 10ean– erabaki zen, baita hurrengo ostiralean eta igandean Urduñan (Bizkaia) eta Gordexolan (Bizkaia) jokatuko dituzten promozio mailako final laurdenetan arituko diren azken hiru bikoteen izenak ere. Azken bi kanporaketa horietan erabakiko dira martxoaren 9an Legazpin (Gipuzkoa) jokatuko diren promozio mailako finalerdietan arituko diren bikoteen izenak.
Eskualdeko hainbat bikote hasi ziren txapelketan lehiatzen, promozio mailan: Reyes Azkoitia beterano azkoitiarra haren alabarekin, Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre arroarra, Araitz Eizagirre zestoarra –Naroa Elizalde bikote duela–, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak, Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Maria Garate eta Leire Martin azkoitiarrak. Sudupen (Bizkaia) jokatutako kanporaketan lehiatik kanpo gelditu ziren Azkoitia eta haren alaba, eta Orozkon jokatutako kanporaketan, berriz, Garate eta Martin azkoitiarrek ez zuten lortu final laurdenetarako txartela. Gainontzeko eskualdeko pilotari guztiek jokatuko dituzte promozio mailako final laurdenak, asteburuan.