Urola Erditik ere jarrriko dituzte doako autobusak Kursaaleko ikuskizunetarako

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 21a

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalak Kursaal Eskura egitasmora batu dira. Martxoaren 7an Donostiako auditorioan Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin taularatuko duen Mahlerren '3. Sinfonia' entzutera joateko estreinatuko dute garraio zerbitzu berria.

Goikoetxea, Zubizarreta eta Vazquez, gaur, Azkoitiko udaletxean. (Mailo Oiarzabal)

Kursaal Eszenak martxan duen Kursaal Eskura egitasmoarekin bat egin dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek. Horrela, Urola Erdiko herritarrek ere eskurago izango dute Donostiako auditorioan antolatzen dituzten musika edota arte eszenikoen ikuskizunez gozatzea, joan-etorria egiteko doako autobusak izango dituztelako hiru herrietan.

"Kursaal eta bere programazioa Gipuzkoako biztanleei hurbiltzeko" asmoarekin jarri zuten martxan Kursaaleko arduradunek Kursaal Eskura, Iker Goikoetxeak gaur Azkoitiko udaletxean azaldu duenez; Urola Garaian, Urola Kostan, Debagoienan eta Debabarrenean dagoeneko erabiltzen duten zerbitzua Urola Erdira iritsiko da orain. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin eta Sonia Vazquez Kultura zinegotziarekin batera azaldu ditu Goikoetxeak Kursaal Eskuraren xehetasunak. "Herritarrei erraztasunak ematen dizkieten horrelako ekimenak eskertzekoak" direla nabarmendu du Zubizarretak.

Mahlerren 3. Sinfonia, hasteko

Martxoaren 7an izango dute Urola Erdiko biztanleek Kursaal Eskuraren doako garraio zerbitzua estreinatzeko aukera. Egun horretan, 20:00etan, Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin Mahlerren 3. Sinfonia emango du Kursaalean. Ez dute aurreratu hurrengo zer ikuskizunetarako jarriko duten berriro doako autobusa, ezta zenbat ikuskizunetarako jartzea aurreikusi duten ere. Kursaal Eszenak "urtean 30 bat" ikuskizun antolatzen dituela azaldu du Goikoetxeak, baina denak ez dira Kursaal Eskura egitasmoaren barruan sartuko; udalekin adostu eta aukeratu nahi dituzte hitzorduak Kursaalekoek, herri bakoitzaren ekitaldi agendak kontuan hartuta.

Autobusean izena emateko

Martxoaren 7ko musika emanaldira joan nahi dutenek, Kursaalen webgunean erosi behar dituzte sarrerak, doako autobus zerbitzuan erreserba egin aurretik. Autobusean tokia gordetzeko, berriz, udalekin jarri beharko dute harremanetan, telefono edota helbide elektroniko hauetan:

  • Azkoitia: 943-85 71 70 / kultu@azkoitia.eus
  • Azpeitia: 943-15 70 68 / kultura@azpeitia.eus
  • Zestoa: 943-14 71 23 / kultura@zestoa.eus

30 urtetik beherakoek zein langabetuek merkeago – hiru eurotan– eskura ditzakete sarrerak. Kasu horietan, sarrerak ere udaletan erreserbatu beharko dituzte; ikuskizunaren egunean bertan, Kursaaleko leihatilan jasoko dituzte aurrez gordetako sarrerak, dagozkien egiaztagiriak aurkeztuta.

Martxoaren 4an bukatuko da martxoaren 7rako autobusetan izena emateko zein gazte edo langabetuentzako sarrerak erreserbatzeko epea. Martxoaren 7an, berriz, ordu eta toki hauetan geldituko da Kursaalerako autobusa:

  • Azkoitian, 18:30ean, Eroski Consum aurreko geltokian.
  • Azpeitian, 18:45ean, anbulatorio aurreko geltokian.
  • Zestoan, 19:00etan, saihesbideko geltokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide