Arroabeko Ezkaizto Auzo Elkarteak haurrei zuzendutako ipuin lehiaketa antolatu du aurrenekoz. Lehen Hezkuntzako aurreneko mailatik seigarren mailara arteko gaztetxoek har dezakete parte sariketan. Adinaren araberako hiru multzotan banatuko dira parte-hartzaileak: LH1-LH2, LH3-LH4 eta LH5-LH6. Adin tarte bakoitzeko sari bat banatuko dute antolatzaileek.
Lehiaketara aurkezteko ipuinen gaia librea izango da. Horrenbestez, haur bakoitzak erabaki dezake zerren inguruko ipuina idatziko duen. Sariketara aurkeztutako lanek originalak, euskaraz idatzitakoak eta aurrez inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Testuak ordenagailuz –12 neurriko Arial letraz– idatzita aurkeztu beharko dira sariketara, Din A4 neurriko orrietan.
Ipuinak aurkezteko azkenengo eguna martxoaren 1a izango da. Idazlanak gutun-azaletan sartuta aurkeztu beharko dira Arroabeko eskolan, izen-abizenak zehaztuta. Parte-hartzaileek kartazalaren kanpoaldean adierazi beharko dute ipuinaren izenburua. Horrez gain, adinaren arabera zein mailatan lehiatuko diren zehaztu beharko dute.