Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozeduran murgilduta jarraitzen dute Zestoan. Plan orokor berria gauzatzeko prozesu parte hartzailea ere martxan da, eta horrekin lotuta bi hitzordu izango dituzte datozen egunetan.
Bihar izango da lehendabizikoa. Nola parte har dezaket Zestoaren etorkizunean? izenburupean, herritar guztiei irekitako hitzaldi-aurkezpena egingo dute. Bertan, HAPOa berritzeko prozesuan orain arte zer egin den eta aurrerantzean zer pauso emango diren azalduko dute.
Hurrengo asterako, berriz, herritarren ekarpenak jasotzeko tailerra antolatu dute. Otsailaren 26an, asteartea, izango da tailerra, eta biharko hitzaldian bezala, parte hartu nahi duten herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Bi hitzorduak, hitzaldia eta tailerra, toki eta ordu berean egingo dituzte: udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.