Datorren ekainaren 8an beteko dira 50 urte Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal azpeitiarrek Ekaingo kobazuloa eta bertako Madelein aroko labar-margoak aurkitu zituztela. Urteurren borobil hori ospatzeko, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du Ekain Fundazioak, eta horren berri eman dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitza nagusian.
Martxotik azarora bitartean, hainbat ekitaldi eta egitasmotan izango du oihartzuna Ekaingo aurkikuntzaren mende erdiak. Horietako batzuk gerturatu ahala zehazten joango diren arren, datozen hilabeteetan betetzea aurreikusten duten egitarau zabalaren berri eman du gaur Ekain Fundazioak Donostiako agerraldian.
Hauek dira iragarri dituzten hitzordu nagusiak:
- Euskal kostaldeko museoen hilabetea. Martxoan garatzen den egitasmo horren barruan, Ekainberrik antolatuta, Danbolinzulo koba bisitatzeko aukera eskainiko da. Koba hori, Ekaingoa bezala, publikoari itxita dago, bertako margoak kontserba daitezen; beraz, datorren hilekoa aukera berezia izango da Danbolinzulo ezagutu nahi dutenentzat.
- Martxoaren 24an, Lurpea Euskal Herriko Kobazuloen elkartearekin, X. Koben Eguna ospatuko da Ekainberrin.
- Ekainberri Ice Age Europe historiaurreko museo sarearen kide da, eta martxoaren 14tik 16ra Altamiran (Kantabria, Espainia), eta urriaren 6tik 9ra Belgikako Prehistomuseumen, bilduko da gainontzeko kideekin.
- Nazioarteko Museoen Eguna ospatuko da maiatzean eta Ekainberrik programazio berezia aurkeztuko du egun horretarako.
- Ekainean, uda garaiaren hasierarekin batera, Ekainberri pareko zelaian, historiaurreko kanpalekua inauguratuko dute.
- Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, 50. urteurrenaren ekitaldi nagusia. 19:00etatik aurrera, Donostiako Victoria Eugenian egingo dute ekitaldi nagusia: dokumentala, musika, dantza, hitzaldi pilulak eta omenaldia egongo dira. Bertan bilduko dira Ekain eta Ekainberri orain ezagutzen ditugun bezala ezagutzeko lan egin duten pertsonaia nagusiak. Urteurreneko ekitaldi nagusien barruan liburu baten aurkezpena eta publikazioa ere programatu dituzte. Lau hizkuntzatara itzuliko da eta salgai egongo da. Urteurreneko ekitaldi nagusiekin jarraituz, arte erakusketa ibiltari bat ere egongo da.
- Ekainaren 8an, Ekain koba deskubritu zen egun berean, Ekainberrin jarduerak izango dira. Aukeren artean, Unescoren plaka bat ezartzea aipatu dute. Ekainean, Ekainberrik Nazioarteko Koben Egunarekin bat egingo du aurtengoan ere.
- Ekainean (data zehazteke) X. Ekainfest jaialdia ospatuko da.
- Uztailean, Ekain Gizateriaren Ondare izendatua izan zeneko hamaikagarren urteurrena ere ospatuko dute Ekainberrin.
- Irailaren 11 Ekainberriren urtebetetze eguna izango da. Egun horretarako "sorpresaz beteriko" programazio berezia osatuko dutela aurreratu dute.
- Urrian, urtero legez, Ekainberrik Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du.
- Azaroan, Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Ekainek.
Horiez gain, iaz Ekainberriren 10. urteurrenean egin bezala, 2019an ere logotipoari 50. urteurrenaren adierazle den gehigarri bat erantsiko diote. Era berean, Zestoako herrigunean hainbat oihal jarriko dute, Ekaingo margoen erreprodukzioekin.