Bidegorriaren lanak 2021erako bukatuko dituztela aurreikusten du Zestoako Udalak

Ihintza Elustondo 2019ko otsailaren 12a

Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ostiralean jakinarazi zuten Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorri zatia egingo dutela, eta beraz, Urola Bide Berdea osatuko dutela. Urte honetan hasiko dira Iraetako tunela konpontzen. Proiektu osoa bi milioi euro inguru kostatuko da.

Josetxo Mendizabal, Marisol Garmendia eta Iñaki Prego proiektua aurkezten, Donostian. (Hitza)

Aspaldiko eskaera bati erantzuten dion proiektua aurkeztu zuten ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzan: hain zuzen ere, han jakinarazi zuten Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorri zatia egingo dutela, eta horrela, Urolako Bide Berdea osatuko dutela. Lanak amaitzean, Zumaiako eta Zumarragako udalerriak lotuta geldituko dira; guztira, 36 kilometro izango ditu bideak. Aurkezpenean izan ziren Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea, Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun diputatua eta Iñaki Prego Mugikortasun zuzendaria. Mendizabalek nabarmendu du "sorpresaz" jaso zuela agerraldian parte hartzeko gonbidapena, baina haren arabera, "pozgarria" da albistea zestoarrentzat nahiz bailara osoarentzat.

Bi fasetan banatuko dute proiektua, eta guztira, bi milioi euro inguru kostatuko dira lanak. Batetik, Iraeta eta Arroabea arteko zatia egokituko dute. Eremu horretan, bi tunel oso egoera txarrean daude, eta horiek konpontzen hasiko dira. Lehen tunelak, Iraetakoak, ganga eraitsita eta sarreretako bat itxita ditu. Tunel horretan, 2019ko udazkenean hasiko dituzte egokitze lanak, eta 240.000 euro ingurukoa izango da aurrekontua.

Bestetik, Arroako tunelean azterketa egingo dute. Tunel horrek itxita ditu bi sarrerak luizien ondorioz, eta lau metroko sakonera duen zulo bat du gainazalean. Tunelaren barrualdea nola dagoen ikusteko, bi ahoak zabalduko dituzte; lan horiek 60.000 euro kostatuko dira. Mendizabalen arabera, bi aukera daude: tunel hori konpontzea eta bidegorria bertatik igarotzea, edo bere horretan utzi eta haren ondotik igaroko den beste bide bat egitea. Tunela eraberrituko den edo ez erabakitzean zehaztuko dute bidegorriaren ibilbidea.

Horrekin batera, Narrondo parean dagoen mendiaren egoera zein den jakiteko azterketa geologikoa egingo dute, mendiari oreka nola eman zehazteko. Hori erabakita dagoenean, Arroabeko geltokiaren eta Narrondoren arteko proiektua idazten hasiko dira. "Kalkulatzen dut sei bat hilabete beharko dituztela azterketa hori egiteko, proiektua idazteko eta lanak esleitzeko", azaldu du Mendizabalek.

Arroabea eta Narrondo lotuko dituen bidegorri zatiaren proiektua eginda zegoen aurrez, baina egitasmo hura atzera bota eta proiektu berri bat egingo dute. Mendizabalek azaldu duenez, bi arrazoi tarteko baztertu dute egitasmo zaharra: "Batetik, exekuzio teknikoa oso zaila eta aurrekontu handikoa zelako, eta bestetik, Mutriku aldera jarraitzen zuelako bideak. Kasu horretan, arazo bera izaten jarraituko genukeen, ez liratekeelako Zumaia eta Zumarraga lotuko".

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendia sozialistaren arabera, «anbizio handiko proiektua» da aurkeztu berri dutena, eta urte batzuk beharko dituzte lanak bukatzeko. Dena den, Mendizabal ausartu da obren amaierako data zehaztera: "Kalkulatzen dut hiru bat urtean egingo dutela dena; 2021erako gutxi gorabehera".

Albistea ezagutu berritan, Zestoako EH Bilduk bere kezka azaldu du. Proiektua sorpresaz iragartzeak «susmo txarra» eragiten diola adierazi du koalizioak: "Ez da batere ulergarria duela bi hilabete Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2019rako aurrekontuez aritu zirenean, EAJk eta PSE-EEk bidegorria amaitzeko dirulaguntza atzera bota izana, lehentasunen artean ez zegoela argudiatuta, eta orain bat-batean iragarpen hau egitea".

Ostiraleko agerraldian, "gaztelania hutsean zeuden euskarriz inguratuta" diputatuak emandako hainbat datu ere "argigarriak" dira Zestoako EH Bilduren ustez. "Esate baterako, Iraetako tunel motza konpontzeko 240.000 euro jarriko dituztela esan zuen. 2015ean tunel bera konpontzeko orduko aldundiak izendatua zeukan diru kopuru bera da hori. Garai hartako Batzar Nagusietan EAJk ere onartu egin zuen aurrekontu hori, gero gobernu aldaketarekin bertan behera utzi zuen arren. Hori horrela izanik, 2015. urtetik konponketa hozkailuan eduki dutela aitortzen ari zaizkigu".

Tunel luzearen inguruan esandakoa ere "argigarria eta susmo txarrekoa" da Zestoako EH Bilduren arabera. "Diputatuak zioen tunelaren egoera nolakoa den ikusitakoan erabakiko dela obra egin ala ez, denok dakigunean tunel hori baino zailagoak berreskuratu izan dituztela beste bidegorri sare batzuk egiteko. Eta hori guztia, inongo epe, aurrekontu exekuzio eta zehaztapenik gabe aurkeztu digute".

"Kutsu elektorala"

Egia izateko, "kutsu elektoral" gehiegi ikusten dio iragarpenari EH Bilduk. "Nahiago genuke oker bageunde, eta interes elektoralagatik bada ere, bidegorria amaitzeko lanei hasiera emango balitzaie", adierazi du koalizioak. Hala ere, bestelakorik pentsatzetik hurbilago daudela esan du koalizioak.

Bidegorria osatzeko aldarrikapenarekin Zestoan "aspaldian izan diren elkarretaratzerik handienak" egin direla ekarri du gogora koalizioak: "Arroako bizilagunak buru-belarri inplikatu dira, Batzar Nagusietan behin baino gehiagotan izan dira, bidegorriaren zatiak auzolanean garbitu dituzte… Hauteskunde interesengatik jendearen ilusioekin hain nabarmen jolasean aritzeak ez du izenik".

Urolako Bidegorriaren Aldeko Taldeak ere bere iritzia plazaratu du, albistearen berri izan ostean. Taldeari "berri pozgarria" iruditzen zaio, baina era berean, "tentuz" hartzekoa. "Proposamen hau hauteskunde aurrekanpainan dator, eta horrek zuhurtzia handia eskatzen du".

Taldearen arabera, "aurrekontu eta data zehatzak dituen ekintza bakarra" Iraetako tunelari lotutakoa da. "Eta berri ona da, baina duela lau urte proiektu berbera aurrera eramateko aurrekontua onartu zen. Agintaldi aldaketarekin, ordea, hura atzera bota eta lau urtez geldirik egon da. Beraz, duela lau urte bezalaxe gaude, eta nork esaten digu orain ez dela gauza bera gertatuko?". Horrez gain, Narrondo-Arroabea bide zatiaren proiektua egiteko diru partidarik eta datarik ez dutela zehaztu ere salatu dute.

Arrazoi horiek tarteko, kexa azaldu du taldeak: "Arroabeko herritarron mugikortasun arazoak ez dira konponduko aurkeztutako proiektuarekin, gertuen daukagun bidegorri zatiarekiko lotura –Narrondokoa– datarik eta beharrezko zehaztasunik gabe baitago oraindik".

Zestoako alkateak "ulertzen eta onartzen" du Zestoako EH Bilduk eta Urolako Bidegorriaren Aldeko Taldeak proiektuari "kutsu elektoralista" leporatu izana, baina azaldu du ez dagoela arriskurik hauteskundeen ondoren proiektua bertan behera gelditzeko. "Ziur nago obrak hasi eta bukatu egingo direla".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide