Igandean espero al zenuen Kobaz Koba irabaztea?
Espero ez. Baina aspaldian asko ari naiz entrenatzen, eta sentsasio onak neuzkan. Orain dela bi urte ere Kobaz Koba egin nuen, eta ibilbidea pixka bat ezagutzen nuen ordutik.
Hasieratik aurreneko postuan joan zinen.
Bai. Hasieratik neuk egin nuen aurrera, baina bigarren egin zuenak [Jon Ugalde] dezente estutu ninduen. Gorako bidean aurrena jartzen nintzen ni; gero beherakoan, ordea, berak harrapatu egiten ninduen. Azkeneko tontorrera, Endoiara, batera igo ginen biok, eta goitik beherakoan metro batzuk atera eta helmugara aurretik iristea lortu nuen.
Bukaeran minutu bateko tartetxoa atera nion, eta gustura. Punta-puntako korrikalaririk ere ez da etorri eta banekien saltsan ibiltzeko aukera neukala, eta, azkenean, irabaztea lortu nuen.
Zaldei probaren ibilbidea gorabehera askokoa dela esaten dute.
Bai, alde horretatik hankei tratu handia ematen zaie. Ez da ibilbide teknikoa, zelaia dago asko eta korrika egiteko lurra da batik bat. Nire ezaugarriei ondo etortzen zaien ibilbidea dela esango nuke.
Lasterketaren hasieran hego haizeak jotzen zuen eta bukaeran euria.
Aurretik eguraldiaren iragarpena begiratu nuen eta euria iragarrita zegoen. Horregatik, azpitik termikoa jantzita irten nuen, baina soberan neukala ikusi nuen. Endoia gainera iritsi ginenean euria hasi eta freskatu egin zuen. Beraz, bi alde eduki zituen probak: hasierakoa sargore eta hego haizearekin eta bukaerakoa euriarekin eta freskoagoa.
Kobaz Koba trailetik zer nabarmenduko zenuke?
Oso ondo antolatuta dagoela esango nuke. Gero, gainera, helmugara iritsitakoan luntx ederra eta giro polita egoten da.
Orain zer asmo dituzu?
Martxoaren 17an Jurramendi Traila egitera joango naiz, eta apirilaren bukaeran Kantabrian jokatuko den Espainiako Trail Txapelketara. Hor tartean, agian, beste lasterketaren bat egingo dut, baina oraindik ez nago seguru.