Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia eginda Urolako bidegorria amaituko dutela agerraldia egin zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iragarpen horren aurrean, Zestoako EH Bilduk bere kezkak azaldu ditu ohar bidez. Sorpresaz iragartzeak "susmo txarra" eragiten diola adierazi du koalizioak: "Ez baita batere ulergarria duela bi hilabete 2019rako aurrekontu proiektuan Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJk eta PSE-EEk Urolako bidegorria amaitzeko diru laguntza atzera bota izana, lehentasunen artean ez zegoela argudiatuta, eta orain bat-batean iragarpen hau egitea".
Agerraldian, "gaztelera hutsean zeuden euskarriez inguratuta", diputatuak emandako hainbat datu ere argigarriak dira Zestoako EH Bilduren ustez. Datu horietako batzuk adierazi ditu koalizioak: "Esate baterako, Iraetako tunel motza konpontzeko 240.000 euro jarriko dituztela esan zuen. 2014an parte hartze prozesu baten bidez erabakita, 2015erako tunel bera konpontzeko orduko aldundiak izendatua zeukan diru kopuru bera, alegia. Garai hartan Batzar Nagusietan EAJk ere onartu zuen; gero, ordea, gobernu aldaketarekin bertan behera utzi zuen. Hau da, 2015. urtetik konponketa hozkailuan eduki dutela aitortzen ari zaizkigu".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren atzoko agerraldian tunel luzearen inguruan esandakoa ere argigarria eta "susmo txarrekoa" da Zestoako EH Bilduren arabera. "Tunelaren egoera nolakoa den ikusitakoan erabakiko dela obra egin ala ez zioen diputatuak atzokoan, denok dakigunean tunel hori baino zailagoak berreskuratu izan dituztela beste bidegorri sare batzuk egiteko. Eta guzti hau, inongo epe, aurrekontu exekuzio eta zehaztapenik gabe aurkeztu digute".
"Nahiago genuke oker bageunde eta, interes elektoralagatik bada ere, bidegorria amaitzeko lanei hasiera emango balitzaie", adierazi du koalizioak. Hala ere, bestelakoa pentsatzetik hurbilago daudela esan du EH Bilduk: "Hauteskunde atarian gaizki egindakoak eta egin gabekoak prezio merkean saltzea izaten dute batzuk xede, eta, gero eta demokrazia kontrolatuagoan bizi garenez, jelkideen kabineteren batean, inkestak gorabehera, botoa pizgarriekin ekitea erabaki dutela dirudi".
"Politikan dena ezta zilegi" Zestoako EH Bilduren ustez, bidegorria osatzeko aldarrikapenarekin Zestoan "aspaldian izan diren elkarretaratzerik handienak" egin direla ekarri du gogora: "Arroako bizilagunak buru-belarri inplikatu dira, Batzar Nagusietan behin baino gehiagotan izan dira, bidegorriaren zatiak auzolanean garbitu dituzte... hauteskunde interesengatik hain nabarmen jendearen ilusioekin jolasean aritzeak ez du izenik".