Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu duen Emakumea Pilotari binakako esku pilota txapelketaren finalak jokatu zituzten atzo iluntzean Zestoako kiroldegiko frontoian.
Hasi aurretik jakina zen txapeletako bat bailaran geldituko zela, jaialdiko lehen neurketan, Bigarren Mailakoan, Usue Zubizarretak eta Alaitz Badiola azpeitiarrak Ane Arteagaren eta Naroa Agirre arroarraren kontra jokatu behar zutelako. Azkenean, Badiolarentzat izan zen urolatarren txapela. 22 eta 14 bukatu zen partida, eta ikusleek markagailuak adierazten duena baino norgehiagoka parekatuagoaz gozatzeko aukera izan zuten. Azkenean txapela lortuko zuten urdinek hasieratik agindu zuten markagailuan, errenta nabarmenarekin ibili ziren gehienetan txapeldunak, baina tanto gehienak izan ziren oso borrokatuak eta gogorrak.
Lehen Mailako finalean, berriz, hasieratik bukaerara nagusi izan ziren Urien eta Espinar. 22 eta 12 irabazi zioten Maider eta Nora Mendizabalek osatutako bikoteari.
Hona hemen, atzoko finaletan ateratako argazkien bilduma: