Suku Maya

"Bisitan zetozenean, ez nuen ulertzen"

Berria 2019ko otsailaren 8a

Bizitza asko aldatu zituen Pumori mendiak 2001ean. Haren magalean jaio zen Maya, eta dagoeneko urte eta erdi baino gehiago darama Euskal Herrian; zehazki, Aizarnan. Gaixotasunak ekarri zuen, baina "oso pozik" dago. 'Berria' egunkariak hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Suku Maya. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Bizitzak buelta asko eman ditzake hemezortzi urtean, baina zaila da sinesten Suku Maya (Thamo, Nepal, 1997) gaztearenak izandako aldaketa. Argazki batek aldatu zion bizitza: Beñat Arrue gaztearekin ageri zen. Mendiak eraman zuen Arrue, eta menditik jaitsi zen Maya. Urte eta erdi baino gehiago darama Aizarnan, Zestoan (Gipuzkoa), Arrueren gurasoen etxean, datorren astean egingo dioten ebakuntzaren zain. Oso ondo aritzen da euskaraz, baina Arantxa Gurrutxagak, "amak", laguntzen dio. Mayaren istorioa da Pumori, mendiaren alaba dokumentalaren hari nagusia, eta herriz herri erakutsi ondoren, ETB1en emango dute datorren astean.

Zer ekartzen dizu gogora dagoeneko ezaguna den argazkiak?

Oso aldatuta nago! Dena aldatu da ordutik, 4 bat urte nituen. Gero taldean etortzen hasi ziren, bisita egiten zidaten, eta ez nuen ulertzen. "Hello, Suku! How are you?", esaten zidaten ingeles traketsean. Zain egoten nintzen, october noiz iritsiko, gutxi gorabehera garai berean etortzen zirelako. Hasi ziren esaten: "Handia egiten zarenean, Basque Country-ra etorriko zara". Nik nahi nuen jakin zer zen, non zegoen.

Noiz eta nola iritsi zen Basque Country-ra etortzeko unea?

Gaixo-gaixo nengoen. Etortzeko gogo handia nuen, nolakoa zen ikusteko. Nahi, baina ezin: ohean nengoen, ezin mugitu. 15 urterekin gaixotu nintzen, eta bi urte baino gehiago pasatu nituen mugitu gabe. 18rekin, Katmandura joan nintzen, anaiaren etxera, eta 19rekin ekarri ninduten Euskal Herrira.

Han ez zinen sendatzen?

Gaixotu nintzenean, inguruko ospitalera oinez joan behar nintzen, eta, azkenerako, ezin nuen. Pneumoniarekin ezin nuen ia arnasarik hartu. Botika ematen zidaten, baina ez ninduen sendatzen, mina kendu besterik ez.

Nolakoa izan zen Euskal Herrira etortzeko bidaia?

Lehenengo, aireportuan gelditu ninduten, gela batean sartu eta galderak egiteko. Zunda erakutsi nien, gaixo nengoela, ospitaleko txostenak. Azkenean, hartu genuen hegazkina. Jaitsi ginenean, Madrilen, galdetzen nuen: «Non dago etxea?». Segi eta segi... Pentsatzen nuen segituan egongo ginela etxean. Hurrengo goizean, jaiki, eta dena berde-berde ikusi nuenean, inpresio ona egin zidan.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide