Txapela Urolan geldituko da

Mailo Oiarzabal 2019ko ots. 8a, 10:33

Binakako Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak gaur jokatuko dira Zestoako kiroldegian, 18:30ean hasita. Alaitz Badiola eta Naroa Agirre aurrez aurre izango dira Bigarren Mailakoan.

Badiola eta Agirre, Azpeitiko Frontoi Txikian. (Mailo Oiarzabal)

Pilotazaleek aitzakia gutxi dute gaur Urolaldean gustuko kirolaz gozatzeko. Gauean, profesional mailako gizonezkoen eskuz binakako txapelketak iritsiko dira Izarraitz frontoira eta ez dira gutxi izango hango harmailetan elkartuko diren zaletuak. Eguneko lehen hitzordua, ordea, Zestoan izango da. 18:30ean hasita, eskuz binakako I. Emakumea Pilotari Txapelketaren bi finalak jokatuko dituzte, kiroldegiko pilotalekuan: Bigarren Mailakoan, Zubizarreta-Badiola eta Arteaga-Agirre ariko dira nor baino nor; Lehen Mailakoan, berriz, Urien-Espinar eta Mendizabal-Mendizabal bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Zestoan jokoan jarriko dituzten bi txapeletako bat, Bigarren Mailakoa, eskualdean geldituko da; Alaitz Badiolak (Azpeitia, 1981) ala Naroa Agirrek (Arroagoia, 2003) jantziko duen, horixe da erabakitzeko dagoena. Urolako bi protagonistek beren buruari presioa kendu nahi diote: "Beraiek geratu ziren aurrenak ligaxkan eta beraiek aterako dira gorriz", dio azpeitiarrak; "bai, baina bi partida besterik ez ditugu jokatu", errepikatu du birritan arroarrak. Faborito izendapenik ez du nahi inork, baina final "gogorra" espero dute.

Bost bikote lehiatu dira Bigarren Mailako ligaxkan. Berez, launa partida jokatu behar zituzten, baina zenbait gorabehera tarteko, bi bikotek huts egin dute hainbat hitzordutan; horregatik iritsi dira finalera zuzenean Arteaga eta Agirre bi neurketa bakarrik jokatu ondoren, adibidez.

Pauso garrantzitsua

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu du Emakumea Pilotari Txapelketa; 15 urtetik gorako federatutako pilotariek izan dute parte hartzeko aukera, eta bi mailak batuta, guztira hemezortzi pilotarik eman dute izena. Federazioa bera arduratu da bikoteak osatzeaz eta mailak banatzeaz, Emakume Master Cup txapelketan-eta pilotariek izandako emaitzen arabera. Horrela, Agirrek zein Badiolak lehen aldiz jokatu dute txapelketa honetan bikotekide izan dituztenekin.

Badiolarentzat, "pauso garrantzitsua" da federazioek esku pilotan ere emakumeen txapelketen aldeko "apustua" egitea; antolatzaileen eskua nabarmendu dela iritzi dio, gainera, "hasieratik" finkatuta izan dituztelako egutegiak eta arautegiak.

Emakumeen pilota, eta esku pilota bereziki, ia ezerezetik ikusgarritasuna lortzera igaro da denbora gutxian; Emakume Master Cupen edizioek eta horiek komunikabideetan eta bereziki telebistan izan duten oihartzunak izan dute zerikusirik. Horrela aitortu dute Badiolak eta Agirrek ere. Azpeitiarrak, esaterako, "harritu" egin dela aitortu du, Emakumea Pilotari Txapelketaren orain arteko jardunaldietan uste zuena baino ikusle gehiago elkartu delako pilotalekuetan. Emakumeen esku pilotak azkenaldian hartu duen indarraren adibide da, era berean, iazko udan izan duten "mugimendua"; gero eta herri gehiagotatik deitzen diete emakume pilotariei, "festetan eta" jokatzera joateko. Agirrek ondo azaldu du aldaketa: "Lehen, Maddik [Unanue] eta biok entrenatu besterik ez genuen egiten. Astero elkartzen ginen Zestoan, entrenatzeko, baina gero ez genuen ia jokatzeko aukerarik izaten". Orain, olatu berriaren aparrari bere horretan eustea nahiko lukete pilotariek. "Komunikabideen arreta izaten jarraitzen badugu, errazagoa izango da", ondorioztatu du Badiolak.

Binakako Txapelketa Nagusia, Azpeitian

Gizonezkoen Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia final laurdenetako kanporaketetara iritsi da, eta fase berriko lehen hitzordua gaur izango da, Azpeitian.

Ezkurdia-Ladis Galartza eta Irribarria-Zabaleta bikoteak nor baino nor ariko dira Izarraitz pilotalekuan. Txapelketaren hasierako ligaxka sailkapenaren bigarren postuan bukatu zuten Irribarriak eta Zabaletak, jokatutako 11 partidetatik zazpi irabazita. Ezkurdia eta Galartza, berriz, seigarren postuan sailkatu ziren lehen fase horretan, lau garaipenekin. Gaurko partida irabaziz gero, zuzenean finalaurrekoetara sailkatuko dira Irribarria eta Zabaleta; Ezkurdiak eta Ladis Galartzak galduz gero, berriz, ezingo dute finalaurrekoetan sartu.

Txapelketa nagusiko partidaren aurretik Promozio Txapelketako neurketa bat ere jokatuko dute gaur Azpeitian. Bertan, gainera, Jon Alberdi azpeitiarrak parte hartuko du. Erasunekin batera, Ugalderen eta Tolosaren ordez ariko den Jaunarenaren kontra jokatuko du Alberdik herrikideen aurrean. Promozio Txapelketaren seigarren jardunaldiari dagokion neurketa da Azpeitian jokatuko dena. Aurreko bost jardunaldietan partida bakarra irabazi dute Alberdik eta Erasunek, eta bi garaipen dituzte haien aurkariek.

Izarraitz pilotalekuko jaialdia 22:00etan hasiko da eta ETBn ere emango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide