Zestoako Santakutz jaietako umeen danborrada antolatzeko boluntarioak behar ditu Zestoako Udalak. Azken urteetan danborrada antolatzeko ardura Herri Eskolako haurren gurasoen artean banatu izan da. Aurten, antolakuntza ardurak arintzea xede, boluntario gisa danborrada prestatzeko prest dauden gurasoak lortu nahi ditu Zestoako Udalak, izen-emate bitartez.
Umeen danborradaren antolakuntzan parte hartu nahi duten gurasoek edo herritarrek otsailaren 15a arteko epea izango dute boluntario gisa izena emateko. Zestoako Kultur Etxean edo Itsaso Martirekin harremanetan jarrita egin daiteke izen-ematea.
Nahikoa boluntario apuntatuko ez balitz, zozketa egingo du Udalak, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik bostera bitarteko haurren gurasoen artean. Zozketa hori otsailaren 20an egingo dute Zestoako Udaletxean, 17:00etan, hasita.
Udalak danborrada antolatzeko "konpromisoa" eskatu die herritarrei: "Danborrada oso ekitaldi ederra eta hunkigarria izaten da bertan parte hartzen duten gaztetxoentzat eta, oro har, ikusleentzat. Hori dela eta, antolakuntzan inplikatzeko ahalegina egitea eskatzen diegu herritarrei".