Datorren asteazkenean Zestoan emango dute 'Pumori, mendiaren alaba' dokumentala

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 7a

19:30ean hasiko da emanaldia, eta Jon Odriozolak eta Xabier Ostolaza mendizale zestoarrek beren esperientziak partekatuko dituzte bertaratzen diren herritarrekin. Sarrerak salgai daude Portale kulturgunean, hiru euroren trukean.

Iñaki Aiertza, Beñat Arrue, Cesar Nieto, Javi Arkauz eta Aritz Artieda, Pumorin. (Hitza)

Hurrengo asteazkenean, otsailaren 13an, Pumori, mendiaren alaba ikusi ahal izango da Zestoako Kultur Etxean. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta Jon Odriozolak eta Xabier Ostolaza mendizale zestoarrek beren esperientziak partekatuko dituzte bertaratzen diren herritarrekin.

Hain zuzen ere, 2001ean hainbat lagun Pumorira joan zen espedizioan –tartean ziren Odriozola eta Ostolaza–, eta tontorra egiteko ahaleginean bost lagun hil ziren; Beñat Arrue azpeitiarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Cesar Nieto, Javier Arkauz eta Aritz Artieda nafarrak.

2001eko espediziokideen oroitzapenak, Arruek Nepalen ezagutu eta gaur egun haren gurasoekin –Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue– Aizarnan bizi den Suku Mayaren historia eta Alex Txikonek iaz 2001ekoen bide beretik egindako espedizioa uztartu dituzte dokumentalean.

Emanaldirako sarrerak hiru euroren trukean eros daitezke Portale kulturgunean. Portalek eta Agiro mendi klubak antolatu dute saioa.

Honako lotura honetan irakur daiteke Azpeitian egin zuten dokumentalaren estreinaldiaren atarian Urola Kostako Hitzak ikus-entzunezkoaren egilearekin hitz eginda osatu zuen erreportajea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide