Zestoako kiroldegiko frontoian jokatuko dituzte eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak. Etzi, ostirala, izango da jaialdia, 18:30ean hasita, eta bi final jokatuko dituzte bertan: Bigarren Mailakoa eta Lehen Mailakoa. Gipuzkoako Pilota Federazioak lehen aldiz antolatutako txapelketa da ostiralean Zestoan erabakiko dena.
Arratsaldeko lehen finalean, Bigarren Mailakoan, eskualdeko pilotari batek jantziko du txapela. Izan ere, Usue Zubizarretak eta Alaitz Badiola azpeitiarrak osatutako bikoteak Ane Arteagaren eta Naroa Agirre arroarraren kontra jokatuko dute final hori. Arteagak eta Agirrek zuzenean lortu zuten finalerako txartela, kanporaketa ligaxka irabazi ondoren. Zubizarreta eta Badiola, berriz, joan den ostiralean Azpeitian jokatutako finalaurrekoa irabazita iritsi dira neurketa erabakiorrera.
Lehen Mailako finalean, Ainhoa Urien eta Patri Espinar Nora Mendizabalen eta Maider Mendizabalen aurka lehiatuko dira. Maila nagusia den horretan, Urien eta Espinar izan ziren onenak ligaxkan, eta Mendizabaldarrak iritsi dira finalera finalaurrekoa gainditu ondoren.