Zientzia eta teknologia arloetan lan egiten duten emakumeen bila ari da Zestoako gaztelekua, Inspira Stream proiektuan parte hartzera animatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak eutsi diote Inspira Stream proiektuari Gipuzkoan, eta lurraldeko hainbat herritako gaztelekuetara eraman nahi dute egitasmoa, tartean Zestoako eta Zarauzko gaztelekuetara.
Inspira Stream proiektuaren helburua da emakumeen bokazio zientifikoa eta teknologikoa sustatzea, ikasketak aukeratzerakoan sor daitezkeen zalantzak argitzea, gizarteko estereotipoak ezagutaraztea eta emakume teknologoen lana aitortzea. Horretarako, sentsibilizaziorako eta orientaziorako ekintzak egiten dituzte, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetan lan egiten duten emakume profesionalen eskutik. Aholkulari izateko prest dauden emakumeak behar ditu Inspira Streamek, eta horren harira egin du deialdia Zestoako gaztelekuak. Zestoako edo inguruko herrietako emakumeen bila dabiltza, zehazki.
Proiektuan parte hartu eta Inspira Streameko aholkulari izan nahi duten emakumeek formakuntza jasoko dute otsailaren 14ean eta 15ean Donostian, 16:30etatik 20:30etara. Ondoren, hainbat saio eskainiko dituzte Euskal Herriko hainbat gaztelekutan.
Egitasmoan parte hartu nahi duten emakumeek inspira@deusto.es edo gazteria@zestoa.eus helbideetara idatzita edo 688-684 029 telefono zenbakira deituta egin dezakete izen-ematea.
Zestoako eta Zarauzko saioak
Inspira Streamek 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako saioak eskainiko ditu martxoan eta apirilean. Saio horietako batzuk Zestoan eta Zarautzen egingo dituzte.
Zestoako saioak martxoaren 29an eta apirilaren 5ean eta 12an izango dira. Zarauzkoak, aldiz, martxoaren 15ean, 22an eta 29an.