Zestoako Atletismo Taldekoak hasi dira dagoeneko Zestoako 41. Herri Lasterketa prestatzen. Aurtengoan, ez da beste urteetan bezala igandez jokatuko lasterketa: martxoaren 19a jaieguna denez, asteartez, egingo dute krosa. Ohi bezala, gaztetxoen eta helduen lasterketak izango dira egun horretan.
Gaztetxoentzako lasterketak 10:00etan hasiko dira. Lehenik, herriko haurrentzako lasterketak izango dira, eta 10:15etik aurrera benjamin, kimu eta infantil kategorietako neska-mutilen probak egingo dituzte. Gaztetxoek lasterketaren egunean bertan eman ahal izango dute izena, Zestoako udaletxe azpian. Irabazleentzako sariak izango dira, eta dominak ere banatuko dituzte.
Helduen lasterketak 11:30ean hasiko dira. Azken urteotan bezela, bi ibilbide izango dituzte aukeran korrikalariek: motza (2.770 metro) eta luzea (8.630 metro) –bi lasterketak ordu berean hasiko dira–. Bi lasterketetako bost lehen emakumeei eta gizonei sariak emango dizkiete, baita lehenengo herrikoei ere.
Dagoeneko izena eman daiteke Zestoako Herri Lasterketan; www.herrikrosa.eus webgunean –martxoaren 17ra arte– edo Zestoako kirol aretoan dago horretarako aukera. Aurrez izena ematea bost euro ordaindu beharko da; lasterketa egunean, berriz, hamar euro kostatuko da izen-ematea. Partaide guztiek lasterketaren egunean jasoko dute dortsala, udaletxe azpian.
Lasterketak amaitu ondoren, partaide guztientzat oparia eta hamaiketakoa izango dira herriko plazan.