Mikel Arregi izango da Zestoako EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 2a

Gaur aurkeztu du Zestoako EH Bilduk maiatzaren 26rako udal hauteskundeetarako alkategaia. Arregik hizpide izan ditu koalizioak datozen lau urteetarako dituen erronkak.

Mikel Arregi 'Ertxin' izango da Zestoako EH Bilduren alkategaia. (Danbolin.eus)

Mikel Arregi Ertxin izango da Zestoako EH Bilduren hautagaia 2019ko udal hauteskundeetan. Koalizioak gaur, otsailak 2, egin du zerrendaburua aurkezteko ekitaldia Zestoako Kultur Etxean, hautagaia berresteko batzarra amaitu ostean. Zestoako EH Bilduko dozenaka lagun izan dira  aurkezpenean datozen hauteskundeetako hautagaiari babesa agertzen. Arregi Zestoako EH Bilduren bozeramailea izan da azken lau urtetan.

Etorkizuneko erronkez mintzatu da Arregi gaurko agerraldian, eta Zestoako EH Bilduk datozen urtetan jorratu nahi dituen gaiak izan ditu hizpide, hala nola gazteen egoera, feminismoa, euskara, ingurumena eta politika publikoak.

Zestoako EH Bilduk joan zen urteko abenduan ekin zion maiatzaren 26rako udal hauteskundeetarako alkategaia aukeratzeko prozesuari. Urtea amaitu aurretik herritarren proposamenak jaso zituzten Zestoako hainbat gunetan, eta koalizioaren arabera inoizko parte-hartze handiena izan zen. Hain zuzen ere, 21 herritar proposatu zituzten alkategai izateko eta 87 zinegotzigai izateko. Ondoren, alkategaia sistema telematikoz proposatzeko epea ireki zuen koalizioak. Joan den urtarrilaren 27an itxi zen hautagaiak aurkezteko epea, eta herritarrek beste proposamenik aurkeztu ez zutenez, lehen fasean aukeratutako hautagaia da Zestoako EH Bilduk alkategai izendatu duena.

Hauteskunde “erronkari” aurre egiteko prest dago koalizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide