Dena prest dute Zestoan hurrengo asteburuan, otsailaren 10ean, egingo den IV. Kobaz Koba Trail mendi lasterketetarako. Aurten ere erantzun ezin hobea jaso dute antolatzaileek: dortsal guztiak agortu ziren joan den astean, eta lasterketara bakoitzerako 50 laguneko itxaron zerrendak ere badituzte.
Guztira, 545 lasterkarik eman dute izena probako bi lasterketetarako: 287k lasterketa luzerako (Zaldei ibilbidea, 26 kilometro) eta 258k lasterketa laburrerako (Artzei ibilbidea, 15 kilometro). Guztira, 71 dira izena eman duten emakumeak, 17 lasterketa luzean eta 54 laburrean. Zestoarrei dagokienez, herriko 46 korrikalarik parte hartuko dute aurtengo Kobaz Koban: 20k eman dute izena Zaldei ibilbidea osatzeko, eta 26k, berriz, Artzei ibilbiderako. Herriko plazan hasi eta bukatuko dira bi lasterketak. 09:00etan irtengo dira Zaldei ibilbideko korrikalariak, eta 10:00etan Artzei ibilbidekoak.
Datu horiek eta lasterketaren gainerako xehetasunak azaldu zituzten atzo iluntzean, aurtengo edizioa aurkezteko antolatzaileek, babesleek eta laguntzaileek udaletxean eman zuten prentsaurrekoan. Bertan izan ziren, besteak beste, lasterketa elkarlanean antolatzen duten Araziko eta Agiro mendi klubeko Juanjo Aranburu eta Mikel Irure; Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea; Emiliano Perez, anoaz eta hamaiketakoaz arduratzen den boluntarioa; eta Jon Izagirre, barefoot modalitatean parte hartuko duten lasterkarietako bat.
Izagirre tartean dela, 14 dira aurtengo Kobaz Koba Trailean oin hutsik edo oinetako oso arinekin lasterka egiteko izena eman duten korrikalariak, lau lasterketa luzerako eta hamar lasterketa laburrerako.
Dutxak, aurten ere Iraetan
Mendizabalek nabarmendu zuen Kobaz Koba "sendotzen" ari den proba dela, eta horretan zerikusia izan dezakeela Zestoako eta inguruko kobazuloak lotuz egiten den lasterketak herriko ondarea erakusteko eta kultur edukia sustatzeko duen bokazioak. Ildo beretik, Kobaz Koba "Zestoa ezagutarazteko" tresna baliagarria dela gaineratu zuen.
Antolatzaileen, boluntarioen eta babesleen lana eskertu ondoren, "penatuta" azaldu zen alkatea, kiroldegiko lanak luzatu egin direlako eta aurten ere ezingo dituztelako erabili lasterkariek hango azpiegiturak. Hain zuzen ere, iaz bezala, Iraetan izango dituzte dutxak parte-hartzaileek, eta harako joan-etorriak egiteko autobus zerbitzua jarriko dute Gurutzetik.
Ibilbidea egokitzen
Agirokoak arduratzen dira urtero Kobaz Koba probarako ibilbidea zehazteaz eta txukuntzeaz, eta hala egin dute aurten ere. Irureren esanetan, garai bateko herribideak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen dira, baina hala ere, "arazoak" izaten dituzte lur jabeekin. "Aldaketak egin ditugu urtetik urtera ibilbidea hobetzeko, beti ere, eta lurren jabeei eta erabiltzaileei ahal den eragozpen txikienak sortzeko", azaldu zuen Agiroko kideak.
Aurten, bi kilometro gehitu dizkiote ibilbideari. Horrela, Artzei ibilbideak 15 kilometro eta 600 metroko desnibela izango ditu, eta bi anoa puntu. Zaldei ibilbideak, berriz, 1.400 metroko desnibela izango du 26 kilometroko luzeran, eta lau anoa puntu; Baltzola parean, lehen errepidetik egiten zuten zatia errepidera atera gabe egingo dute aurten, Irurek azaldu zuenez.
Agirokoak eta Araziko Aranburuk azpimarratu nahi izan zuten Kobaz Kobako ibilbideak lasterketa egunean bakarrik egoten dira markatuta, track-ak eta antzerakoak ez dituztela gordetzen, hain zuzen ere, "ingurua errespetatzeko eta ingurukoei ahalik eta traba gutxien" sortzeko.
"Lokatza handia" egongo dela ere aurreratu zuen Irurek.