Azken txanpan dira Zestoako kiroldegia berritzeko lanak

Ihintza Elustondo 2019ko urtarrilaren 30a

"Azken erremateak" egiten ari dira Zestoako kiroldegian. Gorka Unanue zinegotziak dio "udaberrian zehar" zabalduko dutela. Dagoeneko erabilgarri dago pilotalekua.

Zestoako kiroldegian azken erremateak egiten ari dira. (Ihintza Elustondo)

Herritarren eskaerari erantzunez, 2017. urtearen amaieran hasi zen Zestoako Udala kiroldegia berritzen. Hasieran, iazko urtearen amaierarako obrak bukatzea espero zuten, baina bidean topatu dituzten zailtasunak tarteko, atzeratu egin da data hori. Gorka Unanue Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, azken txanpan sartu dira kiroldegia berritzeko lanak, eta "udaberrian zehar" zabaltzea aurreikusten dute. "Obrak martxo alderako amaituko zituztela esan ziguten, baina agian, azkartxo izan daiteke hori. Udaberrian behintzat bukatuko ditugu lanak, ezer arrarorik ez bada".

Unanueren arabera, azken fasean sartu dira lanak. "Egitura aldetik bukatuta dago kiroldegia, eta instalazio gehientsuenak jarrita daude: barruko argiak, klimatizaziorako sistema, igogailuak... Orain, azken erremateak egiten ari dira: zorua bota eta baldosak jartzen ari dira, leihoak falta dira jartzeko... Kiroldegia janztea falta da: margotzea, kanpoko argiak nahiz kristalak jartzea... Erremate asko dira, eta kostatuko da bukatzea".

Lan horiek amaitzean, kiroldegiaren inguruko urbanizazio lanak egingo dituzte. "Puskatu diren espaloiak eta kendu dituzten aparkalekuak lehen bezala jarri beharko ditugu. Zenbait aparkaleku berri egingo dugu, eta horien antolamendua pixka bat aldatuko da. Denera, lehen baino sei-zortzi aparkaleku gehiago izango dira". Lan horiek denbora beharko dutela azaldu du Unanuek.

Pilotalekua, martxan
Kiroldegiko obrak hasi zituztenean, udalak ez zuen aurreikusi pilotalekua berritzea, eta beraz, obrek iraun bitartean, frontoia erabilgarri izango zela pentsatzen zuten. Dena den, lanak hastean, ezker pareta txukuntzea eta margotzea erabaki zuten, baita argiak aldatzea ere. Lan horiek tarteko, estalitako frontoirik gabe izan dira denbora batez herriko pilotariak.

Horren harira, iazko irailean, Zestoako Pilota Elkarteak agerraldia egin zuen, herriko pilotalekuarekin gertatu zena salatzeko. Taldeak adierazi zuen udalak hainbat alditan atzeratu zuela frontoia erabilgarri izango zen data, eta horrek ia urtebetez Aizarnazabalgo eta Itziarko frontoietan entrenatu beharra eragin ziela. 2018ko abendurako pilotalekua erabilgarri izango zutela erantzun zien udalak orduan.

Data hori ere ez zen errespetatu. Unanuek azaldu duenez, "argiak aduanan" egon ziren geldirik denbora batez, eta horrek eragin zuen atzerapena. "Baina duela bi aste jarri zituzten argiak, eta herritarrak hasi dira frontoian pilotan jokatzen", azaldu du. Dena den, oraindik "arazo txiki bat" dagoela jakinarazi du: "Itokin bat sortu da pilotalekuan, baina eguraldi txarra tarteko, ezin dute konpondu; euria gelditzean konponduko dute".

Uste baino diru gehiago
Espero baino aurrekontu handiagoa izango dute kiroldegiko lanek. 2017ko uztailean, 1,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuten Zestoako udalbatzarrean lan horiei aurre egiteko; horietatik 600.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zituen. Dena den, 2018ko apirilean, Zestoako Udalak beste 200.000 euro gehitu zizkion herriko kiroldegia berritzeko lanen aurrekontuari. EH Bildu "kezkatuta" azaldu zen lanen aurrekontuaren gorakadarekin, eta EAJren Udal Gobernuak azaldu zuen partida berria ekipamendurako eta frontoia atontzeko izango zela. Lanak amaitzear direla, azken kopurua zenbatekoa izango den zehaztu ez badu ere, "aurreikusitakoa baino diru gehiago" gastatuko dutela azaldu du Unanuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide