Asteburu bete-betea izan ondoren, amaitu dira Zestoako Iraeta auzoan santainesak. Umeen Egunarekin eman diete amaiera jaiei, eta haiei zuzendutako hamaika ekimen izan dira egunean zehar. Arratsaldean, gainera, txiki geratu da auzoko frontoia, Iraetako zein inguruko ume eta helduen bilgune bihurtu baita hura. Puzgarrietan eta beste hainbat jolasetan gozatzeko aukera izan dute haurrek han, eta festak borobiltzeko txokolate beroa edateko aukera izan dute bertaratu diren dozenaka lagunek.
Txokolatadarekin eta jolasekin agurtu dituzte santainesak Iraetan, baina azken asteetan izan dute zer ospaturik jai horiek barruan. Joan zen urtarrilaren 20an bota zuten txupinazoa, eta Urrezko Binakako Aizkolari txapelketaren kanporaketa eta Errota Harria harri-jasotze txapelketa izan ziren jaien lehen asteburuko hitzordu nagusiak. Orduan bezala, giro ona nagusitu da bigarren asteburuan ere, eta auzotarrek mus txapelketa, Pilota Txapelketako finalak, pintxo lehiaketa eta afaria egin dituzte ostiralaz geroztik.
Ikusi gaur arratsaldeko argazkiak, hemen: