Santa Ines jaietan murgilduta dabiltza atzoz geroztik Iraetan, eta festa girorik ez da faltako bihar bitartean. Jaien hasierako txupinazoa joan zen urtarrilaren 20an bota zuten, eta herri kirol saioa ere izan zen egun hartan, baina egitarau mardulena gaurko eta biharko dute prestatuta.
Gaur goizean Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte. Finala Arritak eta Txapeik Hectorren eta Anderren aurka jokatu dute, eta 22 eta 11 nagusitu da lehen bikotea. Finala baino lehen hirugarren eta laugarren postuak eskuratzeko lehia jokatu dute, Mirandak eta Beñatek Urtziren eta Liamiren kontra; 22 eta 16 irabazi dute partida Mirandak eta Beñatek.
Eguerdian, berriz, pintxo lehiaketa egin dute hainbat lagunek Gure Ordeka elkartean. Hainbat lagunek parte hartu dute, eta hiru izan dira sarituak: umeen mailan, Maitane; helduen mailan, Maite; eta postreetan, Imanol. Atzo, berriz, Mus Txapelketa jokatu zuten 86 bikotek Bekoetxe jatetxean. Irabazleek 1.000 euro eta txapela jaso zituzten.
Datozen orduetan ez da egitekorik faltako Iraetan; besteak beste, batukada, garagardo afaria eta erromeria izango dira goizaldera bitartean. Bihar, aldiz, meza, hamaiketakoa, jaioberrien omenaldia, puzgarriak, tren txikia eta txokolatada izango dira.
Hona hemen atzoko eta gaurko irudi batzuk (Argazkiak: Iban Narbaiza)
Honako hau da datozen orduetarako egitaraua:
- Gaur, zapatua
20:00. Batukada Iraetako kaleetan zehar.
20:30. Garagardo afaria, frontoian
00:00. Erromeria, Hemengattun taldearekin.
- Bihar, igandea
10:00. Meza, Iraetako jubilatuen omenez.
10:30. Iraetako jubilatuentzako hamaiketakoa.
16:00. Jaioberriei omenaldia.
16:30. Umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak.
17:00. Iraetako tren txikia zabalik.
18:00. Txokolatada.
[gallery ids="362055,362053,362051,362052,362050,362049,362048,362047,362046,362045,362042,362044"]