Gaur, ostirala, Eskuz Binakako Pilotari Txapelketako lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan, 18:30ean hasita. Bi norgehiagoka izango dira, bata Lehen Mailakoa eta bestea Bigarren Mailakoa. Lehenik Bigarren Mailako partida jokatuko dute Maider Mendizabal eta Nora Mendizabalek, Eneritz Arrieta azkoitiarraren eta Amaia Araiztegiren kontra. Bigarren partidan, Lehen Mailakoan, Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek Usue Zubizarreta eta Alaitz Badiola azpeitiarraren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Araitz Eizagirre arroarrak parte hartu du txapelketan, baina lesio bat tarteko lehia utzi beharra izan zuen. Naroa Agirre arroarrak, berriz, txapelketan jarraitzen du, baina aurkarietako baten lesioa tarteko gaur ez du partidarik jokatuko.
Jaialdia beste bi partidarekin bukatuko da: Zestoa pilota taldeko Uriak eta Alonsok Mundarroko pilotarien kontra jokatuko dute, eta ondoren Zestoa pilota taldeko Odriozolak eta Salegik Ilunpeko pilotarien aurka.