Marea Urdina elkartea sortu dute, aniztasun funtzionala dutenen inklusioa bermatzeko

Ane Olaizola 2019ko urt. 25a, 11:44

Marea Urdina elkartea. (Marea Urdina)

Marea Urdinak elkarte izaera hartu du, iaz egindako egitasmoak hartu zuen dimentsioaren ikusita. Taldekideek adierazi dutenez, gizarteak orduan emandako "babesak" argi utzi zuen bailara sentsibilizatuta zegoela behar bereziak dituzten herritarrekiko, eta hori hala izanik, beste pauso bat emateko unea iritsi dela azpimarratu dute.

Adierazi dutenez, Marea Urdineko sustatzaileek hasieratik izan dute garbi egitasmotik lortutako soberakinak herriari berari itzuli behar zizkietea, hau da, "herritik sortua eta herriarentzat" izan behar zuela egitasmoak. Hori egin ahal izateko, egitura egonkorra sortuko zutela agindu zuten joan zen uztailean, eta horretan aritu dira azken hilabeteetan. Izan ere, ekimenari elkarte izaera emateaz gain, berriz zehaztu dituzte helburuak. Elkartearen arabera, xedea bakarra da: inlusioa. Hain zuzen ere, gizarteko arlo guztietan gauzatu nahi dute inklusioa, aniztasun funtzionala duten pertsonek herrian egiten dituzten ekintza eta dinamika guztietan beraien lekua izan dezaten. Horretarako, herriko eragile desberdinei "inklusioaren betaurrekoak" jarriko dizkiete. "Aurrerantzean, gugana etortzen den orori galdetuko diogu zer egin dezaketen inklusioaren alde". Beraz, indarrak jarriko dituzte edozein egitasmo, ekintza, saio, ikastaro edota jardunaldietan inklusioa lantzen, baina elkarteak jakitun da aniztasun funtzionala duten pertsonen beharren arabera, ezingo dutela edozein ekintzetan parte hartu. Kasu horietan, elkartea bera arduratuko da egokitutako jarduerak antolatzen. Era berean, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekimenak bultzatuko dituzte bailaran. "Iaz egin genuen ekimenean ikasi genuen sentsibilizazioa dela gizarte inklusibo bat eraikitzeko zimentua", berretsi dute.

Hori guztia aurrera eramateko egitura juridiko baten beharra ikusi du taldeak, eta haren baliabide ekonomikoak "egoki" kudeatzeko zein taldea bera "gardena" izateko sortu dute elkartea. Joan zen azaroan egin zuten bilera aniztasun funtzionala duten pertsonen senideekin, eta oraingoz, Urola Kostako 20 familia batu dira elkartera: bederatzi azkoitiar, hamar azpeitiar eta zumaiar bat. Era berean, elkartean talde eragile bat sortu dute, elkartea kudeatzeko, akzio planak zehazteko eta horiek aurrera eramateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide