Baso jabea eta basoko langilea da Luis Mari Zunzunegi (Zestoa, 1960). Urteak daramatza zuhaitzak landatzen eta horiek zaintzen; basoa izan du eta du ogibide. Pinuak gaixotu dituen Lecanosticta acicola onddoak eragin dio hari ere.
Ohi baino gorriago daude pinudiak. Zer ari da gertatzen?
Guk beti ezagutu izan dugu gaitz hori, baina kontrolatuta egon da orain arte. Zuhaitzen barreneko adar zaharrek hostoa galtzen zuten, baina portzentaia txiki batean baino ez. Ez genekien argi zergatik gertatzen zen hori, baina gero esan ziguten gaitz baten ondorio zela. Gorrin mota bat da, eta mutazioren bat izan du; horregatik hartu du indarra azken urteetan. Azken bi urteetan zabaldu da asko, baina aurretik indar handiarekin zetorren. Hamabi bat urte izango dira Goizueta aldean, Nafarroan, harrituta geratu nintzela. Eta hemen, Errezil aldetik, Etumeta ingurutik, joan da gaitza sartzen pixkanaka, azken sei-zazpi urteetan. Pentsatzen genuen: "Ea hurrengo urtean ez duen jotzen". Eta hurrengo urtean are gehiago eragiten zigun. Batez ere, joan den urtea izan da jendea gehien beldurtu dena. Bizkai eta Araba aldera ere zabaldu da...
Adituek diote eskualdea dela gune kaltetuenetako bat.
Pinuaren gaitza asko zabaldu da bailaran; larria da egoera. Azpeitia, Errezil eta Zestoa inguruak oso kaltetuta daude. Beste leku batzuetara baino lehenago iritsi zen gaitza inguruotara, baina beste lekuetan ere hemen bezalako garapena izaten badu...
Mutazio horrek eragin du gaitza gehiago zabaltzea?
Horrek eta guk kontrolatzen ez ditugun beste hainbat faktorek: klimak, hezetasunak, batez besteko tenperaturak...
Lecanosticta acicola onddoa da kaltea eragiten ari dena. Batez ere, intsinis pinuei eragiten die.
Oraingoan, onddo horrek eragin du, baina zuhaitz denek dituzte beren arazoak. Bizirik dagoen denak ditu arriskuak. Zumarra, esaterako, duela denbora bat desagertu egin zen. Bertako landarea zen, baina gaitz baten ondorioz, galdu egin zen; orain, berriro hasi da indarra hartzen. Gaztainak ere bere gaitza dauka, eta bertako lizarrarekin ere beldurtuta daude Europan. Zuhaitz denek dituzte arriskuak, eta egokitzen diren baldintzen arabera, bati edo besteari erasaten die. Eta orain, intsinisari tokatu zaio.
Euskal Herrian intsinis asko al dago?
Bai. Lurren %80 inguru pribatuak dira, baserritarren eskuetan daude, eta eremu horietan, zuhaitzen %60 bat intsinisa izango da. Lurren gainontzeko %20 bat-edo erakunde publikoenak dira, eta gune horietako zuhaitz gehienak pagoak, haritzak... izango dira. Egia da gehienbat pinua egon dela inguruotan, baina normala ere bada, basoko langileei etekin bat ateratzeko balio izan baitie pinuak; baserritarrentzat-eta diru iturria izan da. Landatu eta 40 urtera jaso daiteke pinua; arrisku mordoa pasatuta, baina zerbait jaso dezakezu. Produktu ona izan da, gainera, eta industria prestatuta zegoen egur hori lantzeko. Hasieran papera ekoizteko bakarrik erabiltzen zen pinua; gero, eraikuntzarako erabiltzen hasi ziren, eta ondoren, altzariak egiteko sekulako estimazioa izatera iritsi zen. Zorte handia izan dugu pinuarentzako klima egokia izan dugulako hemen, baina gaitza tokatu da, eta...
Kezkatuta al zaude?
Lurrak dituen edonori zalantza sortzen zaio: "Zer egin behar dut?". Jende asko lurrak landu gabe uzten ari da; abandonu handia dago. Batzuek esaten dute lurrak bere kasa uztea dela naturala, baina niretzako alde batera uzteak bi gauza esan nahi ditu: batetik, errentagarritasunik eza, eta bestetik, suteak sortzeko arriskua. Baso jabeak interesik ez baldin badu, inor ez da errepideak garbitzera joango; sua sortzen bada ere, inor ez da itzaltzera joango... Arriskutsua da hori. Beste batzuk, berriz, ari dira zerbait landatzen, baina zalantza handia dago nondik jo. Batzuk sekuoiak landatzen ari gara, beste batzuk Cryptomeria japonica, eukaliptoa, haritza ere bai... Zalantza handia dago zer egin, baina nik garbi daukat zerbait landatu egin behar dela. Ni probak egiten ari naiz. Egurra behar dugu, eta geuk egin dezakegun produktua da, naturala. Gainera, kutsadurari aurre egiten laguntzen dute zuhaitzek.
Erakunde publikoen laguntzarik ba al duzue?
Dena erakunde publikoen esku uztea ezinezkoa da; hori garbi esan digute. Diputazioek eta udalek nahiko lan dute beren lurrak mantentzen, eta zer egingo lukete lur guztiak publikoak izango balira? Bere kasa laga eta abandonatu. Eta egurra behar denean, zer egingo dute? Frantziatik edo Txiletik ekarri? Zero kilometro filosofia sustatu nahi badugu...
Esperantza galduta al dago?
Esperantza dena ez dago galduta. Batzuek esaten dute gaitza gaindituko duen landarea aurkitzea dela kontua, baina momentu honetan ez dago irtenbide garbirik. Une honetan, argi dago zerbait egin behar dela, baina ez dago garbi zer egin.
Zer sumatzen duzu inguruko baso jabeen artean?
Kezkatuta daude. Aldundiak laguntzak ematen ditu, baina laguntza horiek izanda ere, jende askok esaten du: «Zertarako landatu?». Ondorengoei begira hasten dira –seme-alabak, bilobak...–, eta gogo gutxi dauka jendeak lan horretan hasteko. Eta ez bazaio errentagarritasunik ikusten, zertarako lan egin? Gainera, erakundeen laguntzek ez dituzte gastu guztiak estaltzen, eta falta dena baso jabeak jarri behar du. Horrez gain, garbiketak ere egin behar dira, eta hori ere ordaindu egin behar da. Eta gazteek esaten dute: "Gaur egun, dirua lurrean inbertitu?". Ez dago erreleborik. Nonbaitetik pizgarriren bat azaldu beharko da jendea mugitzeko.
Galtzeko zorian al dago ofizioa?
Kostu handia dauka lanbideak, eta partikularren kasuan, bakoitzak bere patrikatik jarri behar du dirua, arriskuak hor daudela jakinda. Konplikatua dago kontua.
Beltza dago panorama, beraz.
Gainera, jendearen aldetik ez dugu bultzadarik sentitzen. Gehienek esaten dizute: "Hau egin behar duzu", edo "beste hura hobe da". Eta onena da baso jabeon lekuan jartzea. Hamar hektarea emanda, zer landatuko zenuke zuk?